GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Mikel Egibar Euskal preso politikoa

Sakabanaketa: burdin nahaspila. Noiz arte?

Burdinen artean askatasunaren oihuak ihes egiten du. Sakabanaketak sorrarazitako burdin nahaspiletatik bizitzaren edo heriotzaren oihuak negar zotinka ihes egiten du. Askotan errepidetako istripuak zortearekin edo patuarekin lotzen dira. Baina sakabanaketaren ondorioz gertatzen diren istripuak patuarekin lotu ahal dira? Ezezko borobila. Sakabanaketak duen helburuetariko bat presoen zein beraien senideen artean izua sortzea da, eta horretarako noizbehinka derrigorrez istripuak egon, egon behar dira. Oraingo honetan, bi ume eta ama bat izan dira Estatuaren «lorpena». Zorionak zuen koldarkeriagatik!

Azken urte honetan, asko gara Euskal Herriko egoera politiko soziala guztiz indarberritzeko konpromisoa hartu dugunok. Iraganean bizitako sufrimendua ez errepikatzeko belaunaldi berria bultzatu behar dugu. Espero dut Eñauti eta Iratiri bizitza osorako beren azalean eramango dituzten orbainek belaunaldi berri horren partaideak izateko ez dietela oztoporik jarriko; beraiek txikitatik pairatzen ari baitira Estatuaren biolentzia gordina. Nahiz eta jakin istripu honen arduraduna zein den, ez diot inori barkamenik eskatzeko esango; ez baitut sinisten sentimendu batean, erretorika politikoaren bitartez bere zentzua manipulatzen denean. Barkamenik ez, beraz, baina bai errekonozimendua; Estatuak errekonozi dezala sakaba- naketa dela gatazka biolentoaren tresna bat, eta nire senide zein bortizkeria hori pairatzen duten euskal preso politiko guztien senideek jaso dezatela gutxiengo errekonozimendua.

Ez nuke lerro xume hauek bukatu nahi nire esker ona adierazi gabe. Mila esker lagunak, etxekoak, kideak, ingurukoak, herrikoak, Zaragoza bertatik jasotako elkartasuna: zuen elkartasun eta maitasunik gabe garratzagoak izango ziren bizitako une ilunak.

Eta azken hitza, zuretzat, Iosu: animu eta mila esker guztiagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo