GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arrapitz federazioa, BLE eta Artzainen elkartea, Donaixtiko gazteen alde

Laborantzan eta abeltzaintzan diharduten Arrapitz federazioak, Artzainen Elkarteak, Ekoizleen Elkarteak eta Biharko Lurraren Elkarteak sostengu bateratua eman diete Donaixtiko eskola okupatzen duten gazteei.

Ainize BUTRON | BAIONA

Ipar Euskal Herrian, bai landa inguruko bai hiriguneetako espekulazioak etxebizitza arloan eragiten duen egoera salatuz, Arrapitz federazioak, Euskal Herriko Artzainen Elkarteak, Ekoizleen Elkarteak eta Biharko Lurraren Elkarteak sostengua eman zieten atzo Donaixtiko San Mixel eskola okupatzen duten gazteei.

Agiri bateratu baten bidez, etxe huts eta itxi gehiegi dagoela ohartarazten dute elkarteok. Egora horrek alokairuaren prezioa garestitu, eta gazteek etxebizitza erosteko ahalak mugatzen dituela nabarmentzen dute. «Gure aldarrikapenetan dago gure xokoa bizirik atxiki behar dela herriak bizirik atxikitzeko. Baserri zonaldeak bizirik mantentzeko lanean ari garenontzako, gazteen kanporatzeak eta etxe hori hutsik egoteak ez du deus ekarrriko», gaineratzen dute.

Hortaz, gehienetan gazteek daramatzaten proiektu kolektiboak babestu beharrekoak direla aldarrikatzen dute. Elkarteon ustez, immobilismoaren parean lurraldearen zerbitzurako bultzatzen diren halako proiektuak «alternatiba bakarra» dira.

Sostengu asteburua

Donaixtiko San Mixel eskola zaharrean diren gazteek, beren aldetik, asteburua antolatzen hasiak dira, okupatzen duten egoitza atxikitzeko. Berriz ere, herritarrei dei egin diete, bertaratu daitezen beraiei sostengu ematera, eta horrez gain, asteburu osorako animazioz beteriko egitaraua antolatu dute.

Ekimenak atzo bertan hasi ziren Unama eta Lümendi taldeen kontzertuarekin. Ondotik, gaur hasi eta bihar arte kultur ekitaldiak aldizkatuz joango dira, San Mixel eskolak etengabe okupatua jarraitu dezan.

Gaur arratsaldean haurrentzako zirku tailerrak eta Izate eta DJ Porito musika emanaldia izango dituzte, eta biharko, berriz, piknika, elektro siesta, «Xora» Zuberoako filmaren proiekzioa eta solasaldia iragarri dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo