GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia

Erlojuaren aurka

Oharkabean ia, bero zakarrak barkatzen ez duen arren, betetzera goaz lasterketako lehen astea. Donostiako Klasikora joan ginenetik, gelditu ere egin gabe gabiltz hara eta hona. Bateko lagun baten bisita, besteko taldearen konpromisoak.... ia ezertarako astirik gabe joaten zaigu eguna.

Etapak bukatuta, orain arte, lagun eta ezagun mordoxka topatu ditut bide bazterrean, baina taldekoek, "liatzeko" daukadan erraztasuna kontuan hartuta, etapa aurreko bileran esaten didate etapa bukatzean denbora gehiegi ez geratzeko hizketan, bestela talde osoa zain izan behar dudala eta hotelera berandu iritsiko garela. Horrexegatik, beti korrika eta presaka gabiltzan sentsazio horrekin, egunak, eta asteak izugarrizko abiaduran pasatzen zaizkit.

Etapa bukatu, eta jendearekin behar bezainbeste denbora ez pasatzeak izorratu egiten nau, baina egia da, dena ahalik eta azkarren eginda ere, sekula ez dugula 21.30ak baino lehenago afaltzen. Baina, erlojuaren orratzak nahi baino azkarrago mugitzen ari direla konturatu nintzen atzo, hotelera sartu, eta Oskar eta Patxi, nire debut urtean izandako masajistak Orika taldean ikusi nituenean.

Atzo izango balitz bezala gogoratzen dut orain 9 urte Euskaltel Euskadirekin egin nuen aurreneko kontzentrazioa. Eta badirudi atzo zela Oskarrek, janari poltsa urdina jarri, eta nire lehen haurra gizonezkoa zela abisatu zidan eguna. Orain, mutil horrek «aupa aitatxo» dioten pintadak egin dizkit Rapitanen gora.

Lagun onenetariko batek, beti esaten dit: «Hi Irizar, beti reboluzionauta habil!!». Eta beti ezezkoa eman diodan arren, orain konturatzen naiz lasterketetan bezala beti erlojuaren aurka nabilela. Ilea ere zuritzen hasi den unean, denborak ez duela barkatzen ohartzen naiz. Horregatik, erraza ez den arren, bizitza eta lasterketak ere lasaigo hartzen saiatzeko eskatzen diot neure buruari, baina tamalez uste dut, txirrindularitzan bezala, erlojuaren aurka borrokatzeko jaioa naizela.

Horregatik, hurrengoan telefonoz deitu, eta «hi, barkatukok, baina jota liauta ñabik» entzuten baduzu, ez harritu; seinale, onerako ala txarrerako, betikoa izaten jarraitzen dudala. Ameriketan esaten duten bezala, a full, a full gas!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo