GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Futboletik bizi ahal izateko, askok etxea utzi eta abentura bila joan beharra izaten dute

Euskal futbolari askok eta askok oraindik ere kanpora joan beharra daukate kiroletik bizi ahal izateko. Hala ere, lekuak aldatu dira. Lehen gehienek Espainiara edo Frantziara joateko joera zuten, orain Europa osora iristen dira, eta hainbat herrialdetan jokatzen ikus ditzakegu.

p032_f01_68x96.jpg

Jon LEUNDA

Oraindik fitxaketak egiteko epea zabalik dago, eta oraindik futbolari ugari daude talderik gabe, eta seguruenik ere batek baino gehiagok datozen egunetan izango du jokatzeko leku berria. Beste batzuk, dauden lekua utzi, eta beste batera joango dira. Hala ere, krisiak gogor jo du, eta askok eta askok etxean geratzeko hautua egin dute kanpora joan gabe.

Lehen Mailara begira jarrita, euskal jokalaririk gehien Espainian daude. Xabi Alonso da euskal futbolarien arteko izarra, eta berak Real Madrilen jarraituko du. Betis taldeko Beñatek ere izen handia hartu du azken denboraldi hauetan. Barkerok ere Levanten lan bikaina egiten jarraitzen du. Mikel Rico (Granada), Labaka (Rayo Vallecano), Monreal (Malaga) eta Balenziaga (Valladolid) dira Espainiako Lehen Mailan dabiltzan beste euskal jokalari batzuk.

Frantziako Lehen Mailan bi aurkituko ditugu. Bata Ruffier, Saint Etienne taldean, eta bestea Sirieix, Tolosan. Ingalaterran, berriz, Azpilikueta (Chelsea), Garrido (Norwich) eta Almunia (Watford) ari dira. Zipreko Liga ere modan jarri da, eta AEK Larnaca taldean ari dira Gabilondo, Murillo eta Pintado, eta Borda, berriz, Apoel Nicosian arituko da aurtengo denboraldian. Grezian, Sarriegik (Panathinaikos) eta Begoñak (Levadiakos) jokatuko dute.

Bea eta Merino, berriz, Austriako Wacker Innsbruck taldean arituko dira, eta Liga bereko Wac taldean, berriz, De Paula. Polonian, Astiz nafarrak jokatuko du, Legia Varsovia taldean, eta Andorrako Santa Coloma taldean, Txemak. Yestek Arabiar Emirerrietan jokatuko du. Azkenik, Iñigo Sarasolak ere Lehen Mailan jokatzeko parada izan du, eta Esloveniako Olimpija Ljubkjanan arituko da.

Bigarren Mailan arituko diren futbolarien artean, gehienak Espainiakoan arituko dira, eta Mirandesek izango ditu gehien, jokalarien erdiak baino gehiago euskal herritarrak baitira: Goitia, Aitor Blanco, Caneda, Garmendia, Koikili, Raul Garcia, Iribas, Martins, Muneta, Ruper, Alain, Diaz de Cerio, Goiria eta Mujika. Horiez gain, entrenatzailea eta idazkari teknikoa ere euskaldunak dira.

Soriako Numancia taldeak euskal jokalari mordo bat izango ditu. Bertan arituko dira Iago Herrerin, Jaio, Satrustegi, Exposito, Larrea eta Nagore. Guadalajarak, Erize, Susaeta eta Azkorra izango ditu taldean. Horiez gain, Realean eta Athleticen ibilitako Escalona eta Ramirez atezain errioxarrak ere izango ditu. Gironan, Garmendia ete Velez arituko dira. Urko Vera (Ponferradina), Jokin Esparza (Huesca), Olazabal (Bartzelona B), Etxeita (Elx), Arbilla (Hercules), Saizar eta Lopez Garai (Kordoba), Saizar eta Goikoetxea (Racing), Martins Pereira (Guingamp), Pascal Elisalde (Niort) eta Eder Diez (Chaves), dira Espainiako, Frantziako eta Portugaleko Bigarren Mailan arituko diren besteak.

Bigarren B Mailan arituko diren euskal jokalarien zerrenda asko gutxitu da, nahiz eta iraila amaitu baino lehen, gehiago ere izango diren, aurrez aipatu bezala, oraindik jokalari ugari baitabiltza talde bila, baita taldeak jokalarien bila ere.

Hauek dira Espainiako Bigarren B Mailan, oraingoz, taldea duten euskal jokalariak: Zubiaurre (Salamanca), Villar (Coruxo), Rodriguez (Sporting B), Tarantino (Tenerife), Ormazabal eta Iturralde (UD Logroñes), Moya (SD Logroñes), Esnaola eta Torre (Noja), Eizagirre (Lleida), Olaizola (Levante B), Unai Alba eta Perez (Alcoyano), Beñat (Reus), Yeray Gomez (Mallorca B), Seguin (Espanyol B), Azparren (Sant Andreu), Pagola (Linense), Aulestia (Cadiz), Arroyo (San Roque), Eneko Eizmendi eta Villarcacho (Betis B), Iban Espadas (Arroyo). Frantziako CFA Mailan, berriz, Pauen arituko da Mendibe.

Arazo gehiago

Maila apalagoetan jokatuz ere bizi dira futboletik, eta Hirugarren Mailan ere Euskal Herritik kanpo jokatzen ari diren futbolariak badaude, nahiz eta orain dela urte batzuk baino askoz ere gutxiago diren. Castro eta Haro dira euskal jokalaririk gehien dituzten taldeak, eta Euskal Herritik oso gertu egoteak ere badu horrekin zerikusirik. Mellid, Andoni, Imanol, Pereda, Ander Agirre, Endika, Gontzal eta Korta ari dira Kantabriako taldean jokatzen. Errioxakoan, Mikel Martinez, Urtzi, Aimar, Ibarra, Gallo eta Unai ari dira. Gainera, Imanol Gonzalez atezain beteranoa ari da Eldensen. Burgos CF taldean, Aurreko, Arkaitz eta Gerika izango dira, eta horiez gain, Realeko harrobian hazitako Alex Ruiz atezain bearnesa ere izango da. Avila taldean jokatuko du Iban Vila eibartarrak, eta Malagako El Palo taldean jarraituko du Ibon Arrieta beteranoak.

Beste beterano ezagun batzuek ere jarraitzen dute maila honetan jokatzen. David Karankak Ciezan jokatuko du, Sivorik Mar Menorren jarraituko du, eta Golo Extremadura utzi eta Don Benitora joango da. Sendoak Conquensen jokatuko du, eta Murugarren anaiek eta Aldeondok Alfaron. Gomes lapurtarrak Italiako Serie D Mailan arituko den Aprilia taldean jokatuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo