Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia
«Zergatik galdu itxaropena...»
Atseden eguna ikaragarri gozatu eta gero, berriz ere martxan jarri gara Galiziako kosta eder honetan. Gaur [atzo], Ponteareas eta Sanxenxo arteko etapa izan dugu, eta esprintean bukatu ohi diren beste etapetan bezala, taldekideak Daniele Bennatiri ahalik eta laguntza handiena ematen saiatu gara. Gaur ere, irabaztetik gertu izan da Benna, baina berriz ere Daegenkolbek ez du barkatu.
Izatez eta itxuraz italiarra den arren, izaeraz oso bestelakoa da Benna: mutil lasaia, otzana, zarata eta kexu gutxikoa.... Ez du italiarrek duten builoso eta kexati famarekin zerikusirik. Palmaresa kontuan hartu gabe, txirrindularitzan, bizitzan bezala, batzuekin «kimika» ala «feeling» gehiago izaten da. Niri behintzat, berdin dit taldekidea izugarrizko txapelduna ala taldera heldu berri den gaztea izatea, baina kasu honetan, palmares bikaina duen Bennari, estimu berezia hartu diot. Honakoa ez da aurtengo Vueltan sentitzen ari naizena bizi izan dudan lehen aldia. Orain hiru urte, nik neuk utzi nuen Euskaltel Euskadi taldea, eta, egiari zor, bai iaz bai aurten ere, asko estimatzen ditudan txirrindulari batzuetatik banantzeak tristura puntu bat eragin dit. Aurtengo Vueltan, Bennaren eta nire kirol ibilbideak banatu egingo dira eta ez nuke lasterketa bukatu nahi Danieleri etapa garaipen bat lortzen lagundu gabe. Kirol legea den arren, harreman polita duzun lagunez banatzeak atsekabe puntu bat eragiten du, eta umetan udalekuetan neukan sentsazio eta oroitzapenak ekartzen dizkit gogora. Bi aste luzez bizitako une goxoak bukatzera zihoazela, inoiz gehiago ikusiko ez nituen lagunekin banatzera nindoala, abestu ohi genuen abestiaren letra etortzen zait burura: «Zergatik galdu itxaropena berriz ikusteko, zergatik galdu itxaropena berriz elkartzeko. Bakarrik gero arte, bakarrik agur bat, oso laster sutondoan ikusiko gara».
Ba horrela, segur aski nire kirol bizitzan berriz ere talde berean egongo ez naizen kideetatik banatzera noan unean, Bennaren kasuan adibidez, esan nahi diet gure etxeko sutondoan elkartzeko ateak beti irekita izango dituztela parez pare!! Besterik gabe, etzira arte.