GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Otsoaren mina

Berriz ere, gatazka konpontzearen kostua handiagoa da ez konpontzearena baino. Otsoaren mina ezkutatu gura dute, agian, otso izateari utzi eta pertsona bihur litekeelako

Sufrimendua bizimoduari erantsi ezineko alderdia izan da historian zehar. Gure aurrekoek era naturalean bizi zutela esatera ausartuko naiz. Pentsaezina zen gozamena existitzea aurreko sufrimendurik gabe, hala nola ilargirik bako eguzkirik. Uzta bakarrak hilabeteetako lan luzea eskatzen du, arrantza kostera batek hilabeteetako itsasoratzea, erditzeak bederatzi hilabeteko deformazio etengabea. Izerdia eta emaitzaren arteko denbora harremanak bizitza ulertzeko modua determinatzen du. Eta hilero soldata jasotzeak, astebururo jai izateak, urtero oporretan bidaiatzeak, segundo bateko salmentaren bidez aberastasuna biderkatzeak zein jaiero ohaidea errotatzeak, gure lan erronka eta ahalegin mailarekin erlazio zuzen barik gehienetan, susmoa dut gure bizitza ulertzeko modua eraldatu dutela. Ahulagoak egin ditu gure buruak, naturaren prozesuetatik urrundu ditu, gauza gutxiago ulertzeko gai gara, eta sufrimendua modernismo usainez apainduriko era guztietako terapia eta existentzialismo profilaktikoz saihestu beharreko gaixotasun kutsagarria da. Zorionez, euskaraz, gaixotasunak ere -tasun dira. Eta eurengana heltzeko arretarik eskaini ez diogun bizitzaren zein alderdi orekatu behar dugun erakusten digute. Damua autokritikarekin nahastu eta zurrunbilo zigortzaileetan ataskatzen ez bagara, sikiera.

Jatorri intelektuala kristautasunean izan ala ez, ezker abertzalean militatzen, eta futbol zein errugbi denboraldi aurreetako prestakuntza fisiko saioetan ezagutu dut nik sufrimenduaren balioa. Eta bietan helburua bera zen, gehiago ezin dugula uste dugunean egiten dugun azken ahaleginak gugan, eta ondorioz osatzen dugun guztiarengan, eragiten duen transformazioa. Sufritzen dugunean ginena izateari utzi eta metamorfosi horren norabidearen kudeaketan datza gure etorkizuna. Metamorfosi hori kolektiboa denean politikaz ari gara.

Iosu Uribetxebarria estatuaren indarkeriaren hurrengo hildakoa izateko arrisku handia dago. Madrileko gobernuak kostu politiko handiagoa jasango luke legea bete eta askatuta, gupidarik gabe hilda baino. Eta hori arazo handia da guretzat, behin eta berriz aurkituko dugun ezaugarri estrukturala delako. Otsoa gara, eta inor ez du hunkitzen otsoaren minak. Are gehiago krisi izeneko shock sozial egoera honetan.

Lehengoan bok bat hartu nuen Ziburuko ostatu batean itxaropenarekin. Urduri zirudien, ausart, beti bezala, baina basoan ehiztarien txakur hotsak entzun dituen otsoaren larritasunez. Astelehenean atxilotu zuten Urruñan, eta itxaropena gure artetik urruntzea arazo handia da, egunero gerta litekeelako, behin eta berriz.

Donostiako Zinemaldiak gaur egingo du ofizial «Barrura begiratzeko leihoak» filma zentsuratu duela. Berriz ere, gatazka konpontzearen kostua handiagoa da ez konpontzearena baino. Otsoaren mina ezkutatu gura dute, agian, otso izateari utzi eta pertsona bihur litekeelako.

Gure amak umeentzako antzerkia egiten zuen. Guztiok dakizkigun ipuin klasikoak antzezten zituzten bere Akelarreko kideekin. Jolas bat proposatzen zuten, ipuinak orden morala iraulita antzezten zituzten. Teknika, ustezko gaiztoen sakoneko arrazoiak kontatzean zetzan. Eta umeek otsoen lagun izaten amaitzen zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo