GARA > Idatzia > Euskal Herria

Espetxean da Villanueva, Paueko epailearen erabakiaren zain

Datorren asteartean erabakiko du Paueko epaileak Arturo Villanueva iruindarraren aurka Gobernu espainolak aurkeztu duen euroagindua onartzen duen ala ez. Bitartean, Villanueva Seisheseko espetxean (Okzitaniako Tolosa ondoan) izango dute.

GARA | PAUE

Datorren asteartera arte ez du erabakiko Paueko epaileak Gobernu espainolak Arturo Villanuevaren aurka aurkeztu duen euroagindua onartzen duen ala ez. Bitartean, iruindarra Seisheseko espetxean (Okzitaniako Tolosatik gertu) izango dute.

Urruñan atxilotu zuten astelehenean Villanueva, eta hortik Baionako komisariara eraman zuten, eta ondoren, Seyssesen espetxeratzea erabaki zuen Paueko epaileak.

Atzo, berriz eraman zuten Villanueva Pauera. Epaileak Gobernu espainolak bere aurka euroagindua aurkeztu zuela azaldu zion. Dena den, Madrilek oraindik dokumentazioa igorri ez duenez, ezinezkoa izan zitzaion epaileari eskaera espainola onartzen duen ala ez erabakitzea.

Xantiana Cachenaut Villanuevaren abokatuak epaiketa izan arte iruindarra aske gera dadila eskatu zuen, baina Paueko epaileak ukatu egin zuen. Ondorioz, Seisheseko espetxera eraman zuten.

Bizimodu publikoa egiten zuen Villanuevak Lapurdin, duela denbora gutxi Irlandatik itzuli zenetik. Belfasten turismo arloan lan egiten zuen eta Euskal Herriko komunikabideetan kolaborazioak ere egiten zituen.

2009an Gobernu espainolak aurkeztu zuen euroagindu bat dela-eta atxilotu zuten Villanueva Belfasten.

Orduan, Thomas Burgess Belfasteko epaileak ez zuen Madrilen eskaera onartu, eta Villanuevak Irlandan segitzeko aukera izan zuen. Madrili datu gehiago eskatu zion Burgess epaileak baina ez zituzten garaiz bidali. Ondorioz, ez zuen entregatzeko eskaria onartu.

Villanuevaren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Urruñako biribilgunean.

iñaki imaz

Irailaren 11n beste euroagindu auzi bat izango da Pauen, Iñaki Imazen aurkakoa aztertuko baitute. Donostiarra abuztuaren 6an atxilotu zuten Hendaian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo