Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Espezialistak
Atzo ikusi nuen argazki batean, zahar batek pankarta bati eusten zion. «Jende milioidunak jende aberatsari ordaintzen dio klase ertainei errua pobreena dela esan diezaien», zioen. Ingurukoen gaineko mesfidantzaren sistema ospetsua. Txikiak euren artean borroka daitezen, handiek pastela banatzen duten bitartean. Historian zehar estrategia bikaina izan da krisi uneetan funtzionarioen, irakasleen eta ikerlarien errua aldarrikatzea ere. Diru publikoaz bizi omen direlako ordainean ezer eskaini gabe, oporrak ordainduta. Azken egunotan hezkuntzako murrizketek alde onik badutela ere entzun dut, besteen kontura bizi diren hainbat parasito eliminatzeko.
Atzo bertan baieztatu zen, era berean, hamaika hilabeteko familiaren sufrimenduaren ostean, Jose Breton aitak egindako su batean aurkitutako hezurrak Ruth eta Jose Kordobako umeenak direla. Ondorio honetara ez da polizia zientifikoa iritsi: haiek marraskarienak zirela adierazi zuten, desagerpena eta egun batera topatu zituztenean. Eskerrak ama ez zutela asebete eta kanpoko jakitun bat ekarri zuela: Francisco Etxeberria, EHUko irakaslea, Aranzadiko zuzendaria, Kriminologiako Euskal Institutuko zuzendariordea. Intelektualtzar horietako bat. Bere ondorioak baieztatzeko, lotsa azken momentuan ekidin nahian, Ministerioak beste jakitun bat kontratatu zuen: Atapuercako Jose Maria Bermudez de Castro, beste intelektualtzarra. Lotsa ekiditea ezinezkoa, ordea: Castrok berretsi du Etxeberriaren epaia. Umeak hor zeuden lehen egunetik.
Zertarako erabiltzen den kultura eta ikerketaren diru publikoa? Bada, jaun-andreak, hauek bezalako espezialistak formatzeko.