GARA > Idatzia > Mundua

Auzitegi Gorenak Israelgo Armada errugabetzat jo du Rachel Corrieren auzian

Rachel Corrie 2003an militarren hondeatzeko makina batek zanpatu zuen, heriotza eraginez, palestinarren aldeko protesta batean parte hartzen ari zela. Israelgo Auzitegi Gorenak, bart emandako epaian, Armada errugabetzat jo du, «istripu bat» izan zela argudiatuz.

p022_f01-199x116.jpg

GARA | JERUSALEN

Haifako Auzitegi Gorenak Israelgo Armada errugabetu du, eta Rachel Corrie 2003an armadaren hondeatzeko makina batek harrapatuta hil zen Ameriketako Estatu Batuetako ekintzailearen heriotzan erantzukizunik ez duela adierazi du.

Corrie sendiko Stacy Sullivan bozeramailearen hitzetan, «epaiak huts egin digu, baina onartu beharra daukat ez dela guztiz ustekabekoa izan».

«Israelgo Armadak arduragabeki jokatu zuen, Rachelen heriotzaren arduraduna da, eta horren erantzule egin behar dute».

Auzitegiak gaztearen heriotza -24 urte zituen- istripua izan zela adierazi zuen, eta Rachelek bere burua kontzienteki arrisku egoeran jarri zuela.

«Zoritxarreko istripua izan zen, ez asmo txarrez egindako ekintza bat», adierazi zuen Oded Gershon epaileak. «Times of Israel» egunkari digitalaren arabera, epaileak gehitu zuen Corrie leku horretan «ilegalki» zegoela, esparru militar itxia zelako.

«Berak jarri zuen bere burua arrisku egoeran. Tente geratu zen hondeatzeko makina handi baten aurrean, makinako langileak ikusi ezin zuen leku batean. Ez zen urrundu, edozein pertsona zentzudunek egingo lukeen moduan. Bere heriotza Rachelek bere buruaren aurka sortutako istripu baten ondorioa da».

Sendiaren abokatu Hussein Abu Husseinen esanetan, epaia, «eskubide zibilen defendatzaileen babesari dagokionean, nazioarteko eskubideen oinarrizko printzipioen aurkakoa da». Abokatuaren hitzetan, gazteak indarkeriarik gabeko protesta batean parte hartzen zuen, eta hartutako erabakiarekin, auzitegiak Armadaren zigorgabetasuna onartu du.

«Bagenekien hasieratik egia eta justizia lortzeko borroka gogor baten aurrean ginela, baina ziur gaude ere epai honek epaileen aurrean aurkeztutako ebidentziak desitxuratzen dituela». Epaia jakin ostean, Cindy Corriek, Rachelen amak, «minduta» zegoela adierazi zien kazetariei.

Palestina Askatzeko Erakundeak ere desadostasuna adierazi zuen, epaia «bidegabea» dela esanez. Hanan Ashrawi PAEko kideak epaia gaitzetsi eta «testigantzen, ikus-entzunezko frogen eta ebidentzien gainetik» erabaki hori hartu izana tamalgarria dela azpimarratu zuen.

Txaleko bereizgarria

Epaiaren irakurketan, Oded Gershon epaileak, Corrieren heriotza «zoritxarreko istripu» baten ondorio izan zela baieztatu zuen, baina aldi berean, Israelgo Estatua «sortutako edozein kalte» ordaintzeaz absolbitzen zuen klausula batekin babestu zuen, «kalteok guda egoera batean gertatu zirelako».

«Demanda ukatzen dut», esan zuen epaileak. «Ez dago Estatuari kalte-ordainik eskatzeko inolako arrazoirik», gehitu zuen. «Israelgo soldaduek gerturatutako ekintzaileak handik urruntzeko ahal zuten guztia egin zuten eta bera [Rachel] ez zen bertatik joan».

Rachel Corrie Olympicekoa zen, Washington estatukoa, eta Palestinarekiko Elkartasuneko Nazioarteko Mugimenduan ari zen boluntario. Heriotzaren unean, II. Intifada erdian, Gaza hegoaldean, Rafan, Israelek etxebizitzak botatzeko zuen asmoaren aurka protesta egiten ari zen.

Langileek ikus zitzaten, bertara joan ziren ekintzaileek txaleko bereizgarri bat zeramaten -Rachel Corriek ere bai- hondeatzeko makinak gaztea zanpatu zuenean ere, nahiz eta makinako gidariak ziurtatu neska ez zuela ikusi.

Horrez gain, bere kideek diotenaren arabera, lur muino baten gainean zegoen tente hondeatzeko makina martxan jarri zenean. Militarrek lurra nahastean oreka galdu zuen Corriek. Orduan, gainerako ekintzaileek makinaren gidariari gelditzeko eskatu zioten garrasika, baina, ekintzaileek diotenez, ez zen gelditu.

Intifadako ikur

Rachel Corrieren heriotza Intifadaren ikur bilakatu zen. Haren istorioa dozenaka herrialdetako agertokietan antzeztu zuten, eta «Let Me Stand Alone» liburuan idatzi zuten.

Israelen aldiz, elkartasun adierazpen gutxi izan ziren.

aire erasoak

Israelgo hegazkin militarrek hiru eraso egin zituzten atzo Hamasek Gazan dituen entrenamendu eremuen aurka, zauriturik sortu gabe, testiguek adierazi zutenaren arabera.

aizkoraz erasoa

Israelgo Poliziaren arabera, Israelgo kolono bat zauritu zuen atzo palestinar batek, aizkoraz eraso egin ostean. Palestinarrak ihes egitea lortu zuen eta poliziak hura atzemateko operazioa abiarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo