GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Euskal Jaiak Donostia hartuko du bihar Kontxako banderarekin

Aurtengo Euskal Jaiei emango die hasiera Donostiak bihar. Ohikoa den moduan, Kontxako Banderaren sailkatze estropadekin hasiko da irailaren 9ra arte luzatuko den egitaraua. Sagardo Eguna, dantza solteko lehiaketa eta Nafarroari buruzko hainbat ekitaldi izango dira.

p049_f03.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

2012ko Donostiako Euskal Jaiak aurkeztu ziren atzo. Ohi legez, estropadekin emango zaie hasiera hilaren 30etik irailaren 9ra luzatuko diren jaiei. Biharko sailkapen estropadaren ostean, irailaren 2an eta 9an jokatuko da Kontxako Bandera, Euskal Jaietako ekitaldi garrantzitsuenetakoa. Azkenik, Bretxako ohiko sardina janarekin amaituko dira Euskal Jaiak hilaren 9an. Tartean, 66 ekitaldi ezberdinekin osaturiko egitarau oparoa prestatu dute Donostian, euskal kirolak, gastronomia eta kultura izango direlarik jaun eta jabe hamar egunez hirian.

Kirol arloan, estropadez gain, besteak beste, Euskal Herriko trontza eta lokotx biltze txapelketak izango dira irailaren 1ean Trinitate plazan. Bestalde, irailaren 5ean, Donostialdeko XV. Esku Pilota Txapelketa jokatuko da Trinitate plazan bertan. Horrez gain, Kontxako Badiako I. Stand Up Padel Zeharkaldia eta Urgulleko XII. Krosa ere izango dira.

Gastronomian, irailaren 1eko Sagardo Eguna nabarmendu behar da ezinbestean. Aurten, garai batean bezala, «garlia» izeneko gurdian banatuko dute sagardoa, kalejiran, Saguesetik eta Loiola kaletatik abiatuta Konstituzio plazaraino. Aldi berean, nekazaritza ekologikoko azoka egingo da Bulebarrean.

Irailaren 7an eta 8an, berriz, marmitako jana eta Hegaluzearen Eguna ospatuko dira, hurrenez hurren. Azken horrekin batera, legatza donostiar erara zeinek hobeto prestatu lehiatuko dira hiriko elkarte ezberdinak Luis Irizar txapelketan.

Kultura egitarau mardula

Kulturari toki eginez, aurtengo jaietako kartela jantzi duen dantza solteko lehiaketa irailaren 2an egingo da, Konstituzio plazan. Bestalde, irailaren 3an, Bernardo Atxaga idazleak eta Jabier Muguruza musikariak «Katuak eta paradisua» errezitaldia eskainiko dute Victoria Eugeniako Klub aretoan. «Hostoak» ikuskizuna Victoria Eugenian bertan eskainiko da irailaren 1ean eta 2an. Kukai dantza konpainiaren, Amaren Alabak taldeko abeslarien eta Oreka TX taldeko txalapartarien elkarlanetik jaiotako ikuskizuna da.

Irailaren 1ean, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi bertsolariak izango dira Donostian. Egun berean, Loiola kaletik Alde Zaharrerainoko Kantu Jira egingo da.

Bukatzeko, irailaren 5ean, euskaldunok galdutako nafar identitatea aldarrikatuko da Bulebarrean egun osoan zehar. Horretarako, antzerkiak, solasaldiak, musika eta ikus-entzunezkoak izango dira besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo