GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lukurreriak ez du maximo historikorik

Erregaien prezioa bere maximora iritsi zen abuztuko itzulera operazioarekin batera. Diru bilketa handitu eta etekina edonondik, edonola atera nahi dute konpainiek eta Estatuak. Datorren astetik aurrera, baina, BEZaren igoerak eraginda, are gorago egingo du maximoak, amaierarik ez duen prezioen garestitze kiribilaren eskutik. Espainiar estatuan gasoila frantsesean baino garestiagoa da jadanik, eta litroko 1,50 eurotik hurbil kokatu da. Eta okerragoa dena, publikoki lotsarik gabe adierazten dute etorkizun hurbilean igoera gehiago gerta daitezkeela. Estatuak dirua behar du bankuen erreskatearen kostuak ordaintzeko, bidean diren erreskate berri eta handiagoei aurre egiteko. Eta soluzio errazenera jo dute: jendearen aurkako lukurreria mugarik gabe handitzera, lan munduaren eta ondasun publikoen lapurreta sistematikoa areagotzera.

Bide honetatik segitzeak jendea izorratu eta izugarri pobretzeaz gain, Estatuarentzat berarentzat oso kaltegarria da. Diru kutxa epe motzera handituko du, baina jendearen kontsumoa eta ekonomiaren dinamismoa, eta bereziki erregaien dependentzia handia duten sektoreena, gutxituko ditu. Esan liteke, beraz, gaurko asea dela, baina biharko gosea. Lukurreriaren eskutik, zerga berrien zaparrada amaigabean, atarramendu onik duen ekonomiarik ez dago. Denbora irabaz dezakete, baina hori baino ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo