Udate
Oreka Tx, Kukai dantza taldea eta Amaren Alabak batera «Hostoak» lanean
GARA | DONOSTIA
Oreka Tx taldeak, Kukai dantza konpainiak eta Amaren Alabak abeslari taldeak dantza, kantua eta musika uztartzen dituen «Hostoak» proiektua aurkeztuko dute irailaren 1ean eta 2an Donostiako Victoria Eugenia antzokian. «Iraganean oinarrituz etorkizunera begira dagoen ikuskizuna» da «Hostoak». Euskal tradizioan dago sustraituta eta bertan kantu ezagunak entzun ahal izango dira, besteak beste, Etxahun Iruri, Xalbador, Mixel Etxekopar edo Beñat Mardok idatzitakoak. Gehienak euskaraz izango dira, baina gaztelaniaz eta okzitanieraz ere abestuko dute.
Donostia Kulturak ezagutarazi duenez, Oreka Tx taldetik Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak egongo dira, Kukai dantza konpainiak dantza tradizionaletik abiatuta ikuskizun garaikideak eskainiko ditu, eta Amaren Alabak taldearekin sei neska gazteren ahotsak entzun ahal izango dira.
Diziplina ezberdinetan oinarritzen direnez, musika-tresnak dantzaren koreografien parte dira, eta kantari eta musikariek txalapartaren makilen mugimenduarekin batera egiten dute dantza.
San Telmo museoa
Bestalde, Donostia Kulturak bere web orrian zabaldutako informazioaren arabera, Fernando Sasiain alkate errepublikanoak emango dio izena San Telmo museoaren handitze-lanetan egin zen eraikin berriari. Datorren asteartean, 12.00etan, egingo den omenaldian, Juan Karlos Izagirre alkateak Fernando Sasiainen izena daraman plakari estalkia kenduko dio eraikin berriaren fatxadan.