GARA > Idatzia > Mundua

Hirugarrengoan ere hauteskundeak irabazi nahi ditu Angolako MPLAk

Jose Eduardo dos Santos lehendakaria da gaur Angolan egiten ari diren hauteskundeak irabazteko faboritoa. UNITA alderdiko hautagaia atzetik duela, eta gardentasuna bermatzeko 1.200 behatzailerekin, MPLAko hautagaiak hirugarren aldiz agintea lortzeko asmoa du.

p020_f01-148x108.jpg

GARA | LUANDA

Hauteskunde kanpaina amaituta eta hausnarketan murgilduta igaro zuten bart eguna Angolako herritarrek. Gaurko hauteskundeekin, independentzia eskuratu zutenetik hirugarren aldiz deitu dituzte bozkatzera, eta Jose Eduardo dos Santos, egungo lehendakari eta MPLA (Angolaren Askatasunerako Herri Mugimendua) alderdiko hautagaiak du, kanpainan zehar izandako galdeketen arabera, irabazteko babes handiena.

Atzetik oposizioko alderdi nagusiko -Angolaren Independentzia Osorako Batasun Nazionala (UNITA)- hautagaia du, Isaias Samakuva, gerra zibileko aurkaria.

UNITA alderdiak, hauteskunde kanpainan zehar, MPLA alderdiaren aurkako kritika ugari egin ditu, eta hauteskundeen gardentasuna bermatzeko Hauteskunde Batzorde Nazionalaren kontrola eskatu du. Bere eskariak bete arren, kanpaina amaieran oraindik ere kexu zen.

Julia Ferreira, batzordeko bozeramaileak eginiko balorazioen arabera, hauteskunde hauek legeak dioenaren arabera doaz aurrera, eta hori horrela izateko beharrezko tresneria martxan jarri dute. Guztira 10.737 hauteskunde mahai ireki dituztela jakinarazi zuen. Horrez gain, nazioarteko 500 behatzaile eta beste 700 nazional izango direla agertu zuen.

Lehia

Dos Santos lehendakarigaiak Azaroaren Hamaika izeneko estadio batean eman zion amaiera bere hauteskunde kanpainari. Bere alderdia «egiaren, orainaren eta etorkizunaren alderdia» dela gogorarazi zien bertan bildu ziren jarraitzaileei.

Kanpainan zehar, agintean egon den urteetan egin moduan, bizi baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko duela aldarrikatu du MPLAko hautagaiak. Zehazki, enpleguaren sorrera, soldaten igoera eta laborantzaren garapena nabarmendu ditu.

UNITA alderdiko hautagaiak, gainerako bederatzi alderdi eta koalizioek egin duten moduan, bere lehentasunen artean txirotasunari aurre egitea, aukera berdintasunen alde egitea eta ekonomiaren dibertsifikazioa aipatu ditu.

Hirugarren indarra, Abel Chivukuvuku CASA izeneko alderdia izango dela aurreikusten dute galdeketek. Chivukuvuku UNITA alderdiko kide ohia da.

Angolan, 1975ean independentzia lortu zutenetik antolatutako hirugarren hauteskundeak dira, eta gerra zibila amaitu zenetik bigarrenak (1992).

hauteskundeak

Nigeriaren ostean Afrikako petrolio ekoizle handiena da Angola. Gaur, lehendakaria ez ezik, lehen ministroa eta parlamentuko 220 diputatu aukeratuko dituzte angolarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo