GARA > Idatzia > Euskal Herria

Biarrizko 20 urteko ikasle bat labankadaz hil dute Brasilen, Curitiba hirian

GARA | BAIONA

Biarrizko 20 urteko ikasle bat hil zuten joan den asteburuan Brasilgo Curitiba hirian. Larunbat gauean izandako borroka batean, bihotz ondoan labankada jaso ondoren hil zen gaztea. Lau hilabete zeramatzan han bizitzen, Psikologiako ikasketak egiten. Polizia bi susmagarri ari da galdekatzen.

Gau horretan, rock kontzertuak eskaintzen dituen taberna batera joan zen ikaslea lagunekin. Handik 200 metrora zuen etxerantz abiatu zen gero. Bidean bi pertsonarekin topo egin, eta borrokan egin zuten. Zaintza kamera batek erakutsitako irudien arabera, hainbat kolperen ondoren, gaztea lurrera erori zen, eta bi erasotzaileek alde egin zuten oinez, bakoitzak alde batetik. Polizia bertara heldu zenerako, gaztea hilik zegoen.

Hasieran ezin izan zuten identifikatu, soinean ez zeramalako nortasuna argitzeko agiririk. Bere eskuko telefonoan jasotako dei bati esker lortu zuten jakitea nor zen. Izan ere, biktimaren amak deitu zuen, semearen berri izateko. Biarriztarra anaiarekin bizi zen, eta amaren aldeko aitatxia ere han bizi da. Gaztearen ama ere Brasilen zegoen egun horretan.

Arbonako gaztearen gorpua

Atzo goizeko zortzietan Bidarteko Erretegia hondartzan gorpu bat aurkitu zuen paseatzen ari zen pertsona batek. Agintariek ziurtatu dutenez, igandean ur korronte batek eramanda desagertu zen Arbonako gaztearen gorpua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo