GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baserritarrak nagusi gaur Elorrioko Ferixa Nausikoetan

Euskal Herri osoan entzute handia duen azoka ospatuko da gaur Elorrion. Durangaldeko hainbat baserritar eta abeltzainek euren produktuak aurkeztuko dituzte, bertaratzen diren guztien gozamerako. Kirola ere protagonista izango da gaur, aurtengo ekitaldi gehienetan bezalaxe. Eskupilota partidak jokatu dira, Berrio-Otxoa elkartearen eskutik.

p020_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Danborren burrunbatik behi eta txerrien marruetara. Arraroa dirudi, baina ordu gutxiren buruan, jaien hasierako txupinazoaren zurrunbilotik nekazaritza azokaren giro lasaira igaroko dira gaur elorriarrak.

Ospe handia dauka Ferixa Nausietako azokak baserritarren artean, eta Santo Tomaseko edo Algortako San Lorenzo azokaren entzutea ez izan arren, Durangaldeko baserritar gehienak batzen ditu Elorrion.

Txistularien kalejirak alaituko du gaurko azoka, eta eguraldiak onera nahiz txarrera jo, jendetza bilduko da feriagunean, urtero inguruko herrietako bisitari ugari gerturatzen baitira.

Baina azoka ez da gaurko ekitaldi bakarra izango. Jai Batzordekoek iragarri bezala, aurtengo Elorrioko jaietan kirola izango da mugarri, ekitaldi ugari antolatu baitituzte. Esaterako, eskupilota partidak jokatuko dituzte arratsaldean.

Frontoiaz gain, arratsaldean izango da beste ikuskizunik ere. Txinatik etorritako Chongqing akrobata konpainiak emanaldia eskainiko du plazan. Ziur asko bertaratutako herritarrak zur eta lur utziko ditu ikuskizunak.

Gau parterako, habanerak eta bilbainadak izango dira «Los Txikis» taldearen eskutik. Zita arratsaldeko zortzietan jarri dute, Aldatsekuan.

Tradizioa bihurtu den zezensuzkoa ere ibiliko da plazan, 22.30ean, elorriar ausartak zirikatzeko, eta horren ostean, Jamaica orkestrak joko du bertan.

Txanok, Jai Batzordeko kideak, azaldu bezala, «adin guztientzako ekintzak izango dira hurrengo astean, jaiak denontzat gustagarriak izatea delako azken helburua».

Adin guztientzat

Horretako, adinaren arabera banatutako plangintza antolatu dute batzordekoek. Haurrentzat, jolas parkeak prestatu dituzte: frontoian, Urarkan eta Kanpokalen. Pasa den abuztuaren 31n jarri zituzten martxan, eta irailaren 4an, 7an eta 8an ere zabalik izango dira, haurren zoramenerako. Euria eginez gero, kiroldegiko Hilario Azkarate frontoian egingo dituzte jolas parkeok, Txanok azaldu duenez.

Gazteentzat ere zenbait ekitaldi prestatu dituzte, «nahiz eta soberan jakin programa alternatiboa existitzen dela, eta askok bertan parte hartzen dutela, edota Gaztetxeko kontuetan, udaletxeko ekimenak alboratuz». Jai Batzordeak kuadrillen arteko bazkari tradizionala antolatu du biharko, Aldatsekuan. Horren ostean, olinpiadak, edo jokoak egingo dira kuadrillen artean, eta bukatzeko, diskofesta izango dute bertan.

Hain gazteak ez direnentzat ere zenbait ekimen antolatu dituzte; esaterako, atzo, Urarkan, Tony Ronalden emanaldia izan zen, eta ondorengo goatekea, kristoren jendetza bildu zuena. Ez da halako bakarra izango. Los Txikis taldeak habanerak eta bilbainadak eskainiko ditu gaur toki berean, Urarkan. Asteartean, Nafarroako jotak eta bailableak izango dira, eta ostegunean, berriz, Arriola antzokiak «Full Monty» ikuskizuna hartuko du. Nagusien plangintza zabal honen azken zertzelada ematearren, esan piskolabisa izango dela datorren ostiralean Aldatsekuan, Elorrioko erretiratuentzat. Eta horren ostean, erromeria eta dantza txapelketa egingo dituzte, herriko helduenek ere erakuts dezaten badutela indar eta gogo nahikoa jaietan ondo baino hobeto ibiltzeko.

Bestalde, kirol eta kultura arloko hainbat jarduera ere izango dira. Aipatu bezala, gaur bertan, eskupilota partidak. Horrez gain, Elorrioko II. Torneo Triangularreko futbol partidak, areto-futbol txapelketa edota Elorrio eta Arrasateren arteko errugbi partida izango dira.

Idi-proben txapelketa ostegunean abiatuko da, eta datorren igandean Zelai, Bihurri eta Urdax harri-jasotzaile gazteek erakustaldia egingo dute, Idoia Etxebarria aizkolari gaztearekin batera.

Bestalde, bertso saioa ere antolatu dute, eta Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Julio Soto eta Peru Madalena arituko dira.

Sosak faltan

Euskal Herriko herri gehienetan bezalaxe, Elorrion ere jaietako aurrekontua urritu behar izan dute, 155.000 eurora. Ekintzen kopurua ez da gehiegi murriztu, baina antolatutako kontzertuetara ekarritako musikariak ez dira horren sonatuak. Orokorrean, herriko talde apalagoak, edota entzutea izan arren, eskuragarriak diren artistak, esaterako, Extremadurako Bebe.

nekazari azoka

Nahiz eta Santo Tomaseko edo Algortako San Lorenzo azoken garrantzia ez izan, Elorrioko nekazari eta abeltzainen azoka pisua hartzen joan da, eta Durangaldean giltzarri bihurtu da.

krisia

Nabarmen igarri da Euskal Herriko toki guztietako jaietan, eta Elorrion ere hala izango da. Ekintza askori eutsi arren, kontzertuetarako talde apalagoak ekarri dituzte, edo gaur egun bigarren mailan dauden artistak, esaterako, Bebe abeslaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo