Mikel Zubimendi | Kazetaria
Nola Hassan tragedia? Nork Hakim?
Nire herrian egunero hiltzen direnen tasak euri-tasa gainditzen du», holaxe adierazten du Kafrnabl poetak Siriako tragedia. Tragedia, lur misteriotsu eta ezegonkor hori, non tristura eta heriotza uneoroko aurkikuntza diren. «Behera gobernua eta oposizioa. Behera nazio arabiar eta islamikoa. Behera Segurtasun Kontseilua. Behera mundua. Den-dena, behera!».
Arabiarrek oso harreman espeziala, intentsoa, dute poesiarekin, bereziki erritmoa, bertsoa eta trokeoa duten poemekin. Influentzia musikala eta emozioak aztoratzeko indar handia dute. Egungo arabiar kulturaren erdi-erdian arte mota honek sutsu eusten dio. Bizi-bizi. Memorian ondo iltzatuta daude poemok, horien idazleek sarri ordaindu duten prezio altua bezala. Omar Hamad poeta handia otomandarrek Beiruten urkatu zuteneko argazkia, Hassan al-Khayyer siriarraren mingain moztua, Bahreingo poeta gazte Ayat Kormuzik jasandako torturak... zenbat bertso berri ez ote dituzten inspiratu!
Hil duten poetaren heriotzak, baina, ez du haren eztarria isiltzen. Bere hitzak ahoz aho jauzika dabiltza, lekuko erregimenaren zaindarien eskuetatik irrist egin eta eskapatu egiten dira. Nola gerarazi poema bat?
Abu al-Qasim al-Shabi poeta tunisiarrak 1900. urteko matxinada antikolonialean idatzi zuen «Bizitzeko gogoa» poema ederra honela hasten da: «Jendeak askatasuna eskatzen duenean, zoriak ziur aski erantzun egingo du». «Udaberri Arabiarrean», Tunisiako eta Egiptoko manifa erraldoietan, denek, aho batez, kantatu zuten. Egunekoa, fresko-freskoa izango balitz bezala. Dagoen tokian pozik egongo da poeta, haren poemak egindako bidearekin.
Ekialde Hurbilean, egun, poema zolienak ere akuilatzeko, suspertzeko, sutzeko eta elikatzeko ahala du. Poesia ez da bulego bateko produktua, ezta ikasgela bateko lau pareten artean errezitatzen den oda bat ere. Kale protestetan laboratzen da, plazetan, bilkura publikoetan. Jendea da poetaren papera, poemaren bitartekoa. Ez dira jada ahopeka transmititzen, desafio politikoa botaz ozen kantatuz baino.
Minkideaz akordatzen naiz, euskal preso poetiko lagunaz. Iannis Ritsos poeta greziarraren opari hartaz: «Defendatu gaituztenak, sentzilloki, ia oharkabean, belarra moztuz... eta murtxikatuz, gosez. Ez ditzazuela ahantzi». Arrazoi osoa du: ez dugu poesiarekin borroka hau irabaziko, baina asko laguntzen du.