Mikel Lizarralde | Berria, 2012/8/29
Bake aukera Kolonbian
Ez da izango 50 urteko gatazkari irtenbide bat emateko egingo den lehenengo saioa, baina Kolonbiako Gobernuak eta FARC talde armatuak bake negoziazioak hasiko dituztela jakiteak itxaropena sortu du urteetan bake iraunkorra bilatu dutenen artean. (...) Santosek aurreratu duenez, lau ardatz izango dituzte elkarrizketek: giza eskubideak bermatzea, gizarteratzea, parte hartze politikoa eta herri garapena.
Karguaren zina egin zuenean ere «gorrotoa albo batera» utzi eta bake prozesua abiatzeko asmoa agertu zuen Santosek, baina orduz geroztik, armadaren eta gerrilaren arteko borrokak ez dira eten, eta joan den urteko azaroan gobernuaren indar armatuek hil egin zuten Alfonso Cano, erakundeko orduko buruzagia. Nolanahi ere, Alvaro Uribe aurreko presidenteak Kolonbiako talde armatuen kontra aurrera eramandako politika militaristarekin hautsi nahi izan du Santosek agintean dagoenetik, eta atzo bertan prest azaldu zen «gatazkaren amaiera» ekarriko duten negoziazioak abiatzeko. Areago, «iraganeko hutsetatik» ikasteko eta berriro ez errepikatzeko asmoa agertu zuen.
FARCek ere urrats handiak egin ditu azken hilabeteotan, eta joan den otsailean, bahituta zeuzkan azkeneko hamar lagunak aske uztearekin batera, jakinarazi zuen uko egin diola etorkizunean pertsona gehiago bahitzeari.