GARA > Idatzia > Euskal Herria

Altsasuko Bildu, NaBai eta PSNk poliziaren presentzia itogarria salatu dute

Altsasuk pairatzen duen jazarpen polizialarekin amaitzeko eskatu zuten atzo Sakanako herriko Bildu, NaBai eta PSN alderdietako zinegotziek. Politika egiteagatik herritarrak ez zigortzeko ere eskatu zieten polizia indarrei. Bestalde, Ospa Eguna egin zuten atzokoan Altsasun.

p016_f02.jpg

M.D. | IRUÑEA

Altsasuko Bildu, NaBai eta PSN alderdietako zinegotziek agerraldia egin zuten atzo hainbat herritarrekin batera Sakanako herriak pairatzen duen poliziaren jazarpena salatzeko. Gogoratu zutenez, Altsasuko Udalak uztailean mozio bat onartu zuen polizia indarren errepresioa salatzeko. Poliziek politika egiteagatik herritarrak mehatxatu izana eta kontrol ugari ezarri izana kritikatu zuten mozioan. Adibidez, 2012ko ekainean, 43 kontrol izan ziren.

«Era berean, herritarren artean azken bi urteotan jasotako hainbat testigantzaren arabera, polizia erabateko harropuzkeriaz jokatzen ari da, inolako kontrolik gabe. Gainera, Altsasun 9,2 polizia ditugu 100 biztanleko. Nafarroako polizia kopuruaren halako hiru da hori, eta, Estatuko batez bestekoa kontuan hartuz gero, halako sei. Zifra horiek garbi erakusten dute herria okupazio polizial latza pairatzen ari dela», adierazi zuten Altsasuko zinegotziek.

Egoerari aurre egiteko, Altsasuko Udalak batzorde bat eratzea erabaki zuen. «Batzordean neurri batzuk bultzatuko ditugu, egoerari buelta eman eta hemengo herritarren eskubideak errespeta daitezen, hau da, adierazpen askatasunerako eskubidea, manifestatzeko eskubidea eta politika egitekoa», azaldu zuten.

«Horregatik gaude gaur [atzo] hemen. Egoera berriz ere salatzeaz gain, agerraldi honen bidez gure konpromiso eta elkartasuna agertu nahi dizkiegu jokabide hori pairatzen ari diren herritar guztiei. Altsasuko Udaletik poliziei eskatzen diegu salbuespen-egoerari buelta emateko eta hainbat jokaera behin betiko alde batera uzteko: gizarte kontrola, mehatxuak, jazarpen politikoa, justifikaziorik gabeko salaketak, eta abar. Onartezina da gure herriko auzokideen bizitza nahastea eta baldintzatzea», gaineratu zuten Altsasuko zinegotziek.

Horrekin batera, auziak izan duen manipulazioa salatu zuten. «Duela urtebete, Altsasuk eraso politiko-mediatiko larria pairatu zuen, onartu ezin duguna. Gezurrez eta irainez zikindu zuten herriaren izen ona eta alkateak eta beste auzokide batek Auzitegi Nazionalera joan behar izan zuten deklaratzera. Esan gabe doa Udalak auzitegi hori zenbaitetan salatu duela, jarrera antidemokratikoa erakusteagatik. Hedabideen presio horren eraginez, beste bi auzokide ere deitu zituzten Nafarroako Auzitegira deklaratzera, eta, gainera, Estatuko hedabide batzuen azaletan azaldu ziren, ehiza harrapakinak izango balira bezala», adierazi zuten hiru taldeetako zinegotziek.

Ospa Eguna

Bestalde, Altsasuko herritar talde batek antolatuta, Ospa Eguna egin zuten atzo Sakanako herrian. Festa giroan burutu zen egun osoko egitarauaren bidez, okupazio indarrek alde egiteko aldarrikatu zuten.

Poteo eta bazkari herrikoien ondoren, martxa bat egin zuten Foruen Plazatik abiatuta. Dotore-dotore jantzirik indar polizialei agur esan zieten Altsasuko herritarrek. «Behingoz hemen ez ditugula nahi entzun dezaten nahi dugu. Entzun eta alde egin dezaten», azaldu zuten antolatzaileek.

Martxaren amaieran mosaiko erraldoi bat prestatu zuten, eta, egunari festa giroan amaiera emateko, kontzertuak izan zituzten Altsasun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo