GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mamarigako jaietan, aurrekontu urria izan arren, igandera arteko eskaintza zabala

Mamarigako Jai Batzordeak aurtengo festak antolatzeko izandako diru murrizketa salatuz eman zien herenegun hasiera Santurtziko Mamarigako jaiei. Oztopo guztiak gaindituta, egitarau zabala antolatu dute eta Mamarigara inguratzen direnek hurrengo igandera arte hamaika ekintzez gozatzeko aukera izango dute, hala nola txiki zein helduentzako lehiaketak, kale ikuskizunak eta kirol ekitaldiak.

p022_f02.jpg

Jon ADAN | SANTURTZI

Mamarigako Jai Batzordeak eta Itsasoko Ama eskolako ikasleek irakurritako pregoiarekin eta botatako txupinazoarekin hasi ziren herenegun Santurtzin, Mamarigako jaiak, eta hurrengo igandera arte iraungo dute.

Aurten, aldarrikapen zehatza egin nahi izan du Mamarigako Jai Batzordeak. «Aurten, udaletxeak asko murriztu ditu Mamarigako jaien aurrekontuak, eta hori salatu nahi dugu; horrela jarraituz gero, ezin izango dugu jairik antolatu», Enkarni Blancoren hitzak dira, Mamarigako Jai Batzordeko kidearenak.

Eragozpenak eragozpen, atzo ere makina bat ekintza izan ziren, eta Santurtzira inguratu zirenek aurkitu zuten egun osoan zer egin. Esaterako, eguerdian, Itsasoko Ama eskolako patioan Mitologiaren Puzgarriak izan ziren haurrentzat, eta arratsaldeko seietan tortilla lehiaketa egin zuten Itsasoko Ama Birjina plazan. Gauean, aldiz, Xirimiri eta tximeleta taldeekin erromeria izan zen, plazan hori ere.

Gaur, bestalde, 13.30ean hasita, marmitako lehiaketako lapikoen aurkezpena eta dastatzeko aukera izango da plazan. Arratsaldean, aldiz, herriko itsas-jendeari omenaldia egingo diete 18.30ean, dantza, musika eta abesbatza emanaldiekin. Horren harira zera dio Enkarnik, «Santurtziko itsas bizimodua islatzen duen Itsas Museoa ere ikusgai izango da abuztuaren 27tik eta irailaren 9ra arte, Mamariga kalean; arratsaldez irekiko da, eta asteburuetan goizez eta arratsaldez».

Kuadrillen arteko lehiak

Hurrengo lau egunetarako, haur zein helduen kuadrillentzako lehiaketak nabarmentzen ditu Blancok. «Lehenengo, arratsaldeko seietan txikien kuadrillentzako lehiaketak bideratuko dira; zortziak inguruan, aldiz, nagusien txanda izango da. Aurten, txikien hamar kuadrilla inguru espero ditugu; nagusietan aldiz, zortzi. Bakoitza hamabost pertsona ingurukoa».

Horiek horrela, bihar, Itsasoko Ama Birjina plazan «betiko jolasen» txapelketa egingo dute kuadrillek, asteartean karaoke txapelketa, eta asteazkenean, abuztuak 5, herri-kirolak erakustaldiak. Ostegunean aldiz, play-backa nabarmentzen da. «Proba hauetara ere jendea libreki ere apuntatu daiteke, jende asko biltzen da herrian eta umorea da nagusi», dio Blancok.

Mamarigan, ohiturari jarraituta, proba hauek irabazten dituen kuadrillak hurrengo urteko maskota diseinatzen du, «lehiaketa hau irabazten duen kuadrillak, ikurrina jasotzen du eta festen maskota diseinatzen du, sardina panpina erraldoia da eta diseinatzeko modua librea da; iaz, Los Lunatikos atera zen garaile eta aurten maskota diseinatzeko ohorea izan dute», azaldu du Enkarnik.

Horrez gain, beste ekitaldi interesgarri asko izango dira Mamarigako jaietan. Bihar, 22.30ean, Itsasoko Ama ikastolaren patioan Zanguango antzerki taldearen «Aqui va a pasar algo» lana izango da ikusgai. Asteartean, berriz, 17.30ean Itsasalde pilota eskolak antolatutako eskupilota txapelketa nabarmentzen du Blancok. «Herri desberdinetako pilotariak etortzen dira eta oso giro polita dago frontoian».

Irailaren 7an, ostiralean, 20.00etan Lagun Zaharrak abesbatzak girotuta, auzoko tabernetan egingo duten poteoa eta 23.00etan Itsasoko Ama Birjina plazan izango diren kontzertuak nabarmentzen ditu Blancok, Itziarren Semeak talde ezagunaren kontzertua, adibidez.

Larunbatean, irailak 8, Mamariga kaletik abiatuta eta Itsasoko Ama Birjina plazaraino, gaueko bederatzietan hasiko den mozorro txapelketa nabarmentzen du. «Mendialdeko zanpantzarrak, Mamarigako eta inguruko herrietako dantzariak eta kuadrillak ere izaten ditugu, oso giro ona eta koloretsua dago herrian», dio Enkarnik.

Gaur zortzi, irailak 9, igandea, jaiekin bukatzeko, Herriaren Eguna ospatuko dute, eta goizean baserritar eta artisauen azoka izango da Itsasoko Ama Birjina plazan, «Eskualdeko hogeita hamar artisau baino gehiago etorriko dira Mamarigara, eta egurrezko eskulturez gain kamiseta inpresioak ere egingo dituzte», dio Enkarni Blancok. Gaueko hamarretan, aldiz, ohikoak diren su-artifizialak eta trakak botaz, hurrengo urtera arte agurtuko dituzte Santurtzin, Mamarigako jaiak.

ALDARRIKAPENA

Mamarigako Jai Batzordeak, aurten Mamarigako jaietako aurrekontuan izandako murrizketak salatu ditu. Halaber, Udalak Santurtziko hainbat gizarte eta kultur elkarteri egindako diru murrizketak salatu ditu.

TXOSNAK, BARRAKAK

Mamarigako Itsasoko Ama Birjina plazan bost txosna egongo dira aurten. Barrakak aldiz, frontoi ondoan kokatuko dira. Makina bat jarduera antolatu dituztela nabarmenduz, Enkarni Blanco jai batzordeko kideak Mamarigako festetara etortzeko dei egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo