GARA > Idatzia > Mundua

Munduko gatazkek ez dute oporrik hartzen

Dabid LAZKANOITURBURU | Kazetaria

Ia bi hilabete igaro dira Tourreko eta Olinpiar Jokoetako udako edizio bereziek behartuta, «mapamundi» honek oporrak hartu zituenetik. Baina munduko berriek ez dute atsedenik hartzen -ez litzateke txarra, hori bai, hainbat gatazkek opor luze batzuk hartzea, hobe behin betikoak balira-. Bere betiko posiziora itzultzeko etengabeko jira-bueltan ibili da mundua eta ez da batere samurra gai bakarra aukera-tzea. Zeini heldu?

Siriako gatazkak bere horretan jarraitzen du eta suma daitekeen aldaketa bakarra egoerak okerrera egin duela da. Libanok 80ko hamarkadan bizi izan zuen egoera liskartsu eta odoltsu bera pairatzen dute egun siriarrek: erlijio eta klanen arteko guda.

Israelek ere ez du zortzi asteotan egun bakar batez alde batera utzi Iranen aurkako mehatxua.

Ameriketako Estatu Batuetako politikariek hor jarrai-tzen dute, azaroaren 6ko hauteskundeetarako kanpaina luze bezain aspergarrian.

Errusian aspaldi amaitu zituzten Vladimir Putinen «itzulera» -zuzen esanda, sekula ez zen joan- ahalbideratu zuten hauteskundeak, baina, oposizioaren salaketei kasu egiten badiegu, badirudi hor bertan daudela berriz ere hautestontziak, bozen zain.

Gertuago, Estatu espainolak bizi duen krisialdi gordinari beste adjektibo bat erantsi behar zaio. Orain arte ekonomikoa, instituzionala eta politikoa zen. Kordoban ia urtebete dela desagertutako haurren auziak hartu duen norabidea kontuan hartuta, krisi poliziala ere bada orain, gorpuzkinak oilo hezurrekin nahasten dituen «Polizia zientifikoarena».

Zorakeria hauek guztiak kontuan hartuta, onartuko didazue buelta ez dela batere samurra izaten ari. Munduak benetako oporrak hartu arte, hori bai, saiatu saiatuko gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo