GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez | sagarroiak@gmail.com

Itxarongeletako elkarrizketa argigarriak

Etsipen pertsonalak mozorrotu eta ezkutatzen dituen garaipen minimorik ez dugu behar, garaipen handia da orain lortu behar duguna, horixe baita orain jokoan dagoena, klase moduan, baina baita herri moduan ere

A quién se está usted refiriendo, señora? ¿A los putos moros, los putos sudacas o los putos negros de mierda?», ordura arte ahalegindua nintzen lasai jokatzen, argudioak ematen eta topaguneak bilatzen, baina, zenbaitetan alferrikako lana izaten da -edo baliteke ni oso pazientzia handiko pertsona ez izatea-. Esan barik doa, andreari aurpegia guztiz aldatu eta di-da amaitu zen etorkinen «prebenden» inguruko itxarongelako elkarrizketa hura.

Andrak kontatu legez, sorpresa hartu zuen heldu zenean etorkin gutxi zeudelako itxoiten. Ez pentsa, ez geunden anbulatorioan, metroko bezero arreta gelan baino. Antza, etorkinek garraioa ere ez dutela ordaintzen hasi da zabaltzen edozer sinetsi eta edozer asmatzen duen jendearen artean.

Eztabaidetan arerioa lagun bihurtzeko metodo ona izaten da arrazoia ematen hastea eta, hortaz, momentu batean arrazoia eman nion: «Bai andrea, egia santua diozuna, ez dago eskubiderik, hemen jende askok lapurtzen du eta asko lapurtu, gainera; baina, badakizu? horiek guztiak zuri-zuriak dira eta satsa legez dauzkate milioiak». Une batez pentsatu eta baietz. Eta segidan bota zuen, natural-natural, mota honetako jokabideen atzean ezkutatzen den sakoneko zergatia: «Baina horien kontra ezin dezakegu ezer egin». Lege horrexek bultzatzen du, eta, mundua mundu denetik, bultzatu izan du, gizakia: ahulagoaren kontra egiteak arrakasta aukerak biderkatzen ditu, nahiz eta gutxieneko duintasun mailak guztiz galtzeko aukera ere berarekin batera ekarri.

Bizitzen ari garen koiuntura honen modukoetan jokabide hauek pixkanaka baina geldi barik doaz hedatzen. Gainera, afera ez da mugatzen «etorkin»/«autoktono» binomiora. Adibideak ez ditugu faltan: langabezian daudenak enplegua daukatenen kontra eta alderantziz; sektore publikoko langileak eta sektore pribatukoak; androk familia «tradizionalera» bueltarazteko ahaleginak... Zatiketa bultzatzen duten mezuak etengabean errepikatzen dituzte botere ekonomiko-politikoaren bozgorailuek eta nora ezean dabilen langile klasearen zati handi batek, zoritxarrez, askotan irentsi egiten ditu, etsipenari aurre egin eta garaipen minimoren bat ziurtatzea errazagoa izango delakoan. Itxarongelako andrak esan legez, beste batzuen kontra zereginik ez omen daukagulako.

Klase subjektu izaera berreskuratzea eta subjektu hori berrosatzea borroka zahar bezain ezinbestekoa da, horixe baita modu bakarra, langileria kuantitatibo eta kualitatiboki indartzeko ez ezik, borrokaren norabidea argi definitzeko ere, batez ere nahasmendu sasoi ilun hauetan. CEOEko buru den Rosellen berbetan, «la gente está asustada, aturdida, no sabe lo que está pasando...». Eurek ondo baino hobeto dakite eta ez dute aukera galtzen uzten.

Etsipen pertsonalak mozorrotu eta ezkutatzen dituen garaipen minimorik ez dugu behar, garaipen handia da orain lortu behar duguna, horixe baita orain jokoan dagoena, klase moduan, baina baita herri moduan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo