GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mintzalasai Astea Biarritzen, eguneroko bizitzan euskaraz hitz egitea sustatzeko

Euskararen sustapenaren inguruan lanean diharduten Biarrizko hogei bat elkarte batu dira, Mintzalasai Astea antolatzeko. Irailaren 17tik 23ra, adin guztietako herritarrentzako ekimenak egingo dituzte, euskaraz.

p018_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Biarritzen eskolaratuak diren umeen laurdenak murgiltze eredu edo elebidun eskoletan dabiltza, beste berrehun helduk AEKn euskarazko klaseak hartzen dituzte. Datu horiek kontuan harturik, Biarritzen euskara jakina dela eta baliatzen dela nabarmendu zuen atzo Eneko Gorri Biarrizko Euskara Bulegoko arduradunak.

Horretaz gain, euskararen aldeko lanean ari diren elkarte ugari dago Biarritzen, eta eskaintza oparoa dute. Urte osoan beren kasa daramaten lan hori ezagutarazteko, eta eguneroko bizimoduan euskararen erabilera sustatzeko, herriko hogei bat elkarte batu dira ekimen nagusi bat antolatzeko. Maialen Etxeberri herriko hautetsiak azaldu digunez, «urtebeteko lana izan da. Hamabost bat bilkura egin ditugu, eta, aldi oro, parte-hartze nabarmena izan da». Elkarteek eramandako lan hori, Biarritzen euskara biziarazteko dagoen borondatearen frogatzat ematen du, beraz, Etxeberrik.

Mintzalasai izeneko euskararen aldeko astearekin, adin guztietako publiko zabalari ekimenak euskaraz gozatzeko aukera eman nahi diote. Izan ere, hirigune batean, euskara ere baliatua eta modernoa izan daitekeela erakutsi nahi dutela nabarmendu zuten atzo antolatzaileek. «Bere biziraupena ziurtatzeko euskarak eremu publikoan erabilia izan behar du. Hizkuntzaren ezagutza hobetzeko aisialdia gune ezin hobea da», zehaztu zuten. Xede horrekin, irailaren 17a eta 23a bitartean, beraz, doako hogeita hamar ekitaldiz osatutako eskaintza zabalduko diete biarriztarrei: ipuin kontaketa, hitzaldiak, surf ikastaroak eta erakustokien bisitak. Publiko zabalari eskainitako egitarautik kanpo, irailaren 18an eta 20an, eskola publiko, pribatu eta ikastoletako haurrentzat ekintza pedagogikoak izango dira: dantza tailerrak, eskulanak eta irakurketak.

Surf ikastaroak eta bisitak

Mintzalasai Asteko egun bakoitzeko jarduerak publiko jakin bati zuzenduak izango dira. Irailaren 19a, asteazkena izanik, haurren eguna izango da. Umeek txokolatea jaten gozatu ahalko dute, baita prestatzen ere, Txokolatearen Museoan; itsas bazterrak ezagutzeko aukera izango dute Biarritz Oceanek eskainiko dituen animazioen bidez; skate eta surfa tarte batez ikasiko dute, eta Uda Lekuk proposatuko dituen joko eta ekimenetan parte hartzen ahalko dute. Ostiral gaueko egitaraua gazteentzat izango da: pilota partida, aperitifa, eta eguna bukatzeko, Berri Txarrak taldearen kontzertua.

Asteburukoa da egitarau aberatsena. Igandean, esaterako, danborrada eta kantalasai ekimenekin hasi ondoren, eguerditik goiti Marion aintziraren inguruan, herri bazkaria, mutxikoak, tailerrak, herri jokoak eta fanfarreak izango dira. «Marion aintzirako bazter guztietara hedatuko da euskara», argitu dute antolatzaileek.

Bezperan, ipuin kontaketa euskaraz, bertso bazkaria, mus txapelketa eta «Bertsolari» filmaren proiekzioa izango dira.

Hogei elkarte

Eremu oso ezberdinetan jarduten diren elkarteak batu ditu Mintzalasai ekimenak, hala nola Lapurdi Surf, herriko Mediateka, Biarritz Ocean, Uda Leku eta ikastolak parte hartuko dute.

Elebitasuna

Irailaren 20an, haurrak elebidun eskoletan dituzten gurasoek elebitasunaz informatzeko aukera izango dute. Euskaltzaindiko hizkuntzalariek eta irakasleek gurasoen galderei erantzungo diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo