GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Antzara Eguna

 

Abenduak 28 inozente eguna zela pentsatzen nuen arren, gaur konturatu naiz, irailak 4 inozente eguna izan gabe, pelotoiko inuzente handiena ni naizela. Nekatuta sentitu arren, «hilda» ez nintzenez sentitzen, gaurko [atzoko] etapan zerbait egin eta ihesaldian sartzeko helburuarekin ekin diot etapari.

Benetan diotsuet, azken urteetan egin dugun hasierarik azkarrena egin dugula ezbairik gabe. Hasieratik pin-pan, kristoren egurrean, bazirudien mundua bukatzera zihoala... Eta etapan topera gindoazen bitartean esaten nion neure buruari: «Eskerrak ondo sentitzen naizen, zeren egun txarra izanez gero, gaur `teleberria' etxeko sofatik ikusiko dut».

Ez dut uste inork, aurtengo Vuelta ikusten izugarrizko siestarik egin duela esango duenik, zeren ikaragarri polita, azkarra eta lehiatua izaten ari da aurtengo Vuelta, baina horren ikuskizun polita ikusteko, txirrindulariok, gogotik luzatu behar izan dugu gure lepoa.

Lekeition gaur [atzo] Antzara Eguna den moduan, antzaren lepoa luzatu, eta bihurritzea helburu dutelarik, Contadorrek, Puritoren lepoa bihurritzeaz gain, pelotoiko beste kide guztienak txikitu ditu...

Zorionez, egun gutxi gelditzen zaizkigu lepoa luzatzeko, eta igandetik aurrera, gu ere Lekeitioko lagunen modura, festa eta «juerga» pixka bat egiteko moduan egongo gara. Ordura arte, goza dezatela lekeitiarrek, zeren nik bitartean osteopatarengana joan behar dut, nire lepoa etapa hasi aurretik neukan leku berera bueltatu dadin!!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo