GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tuterak eta Donapaleuk galdutako Nafarroako Erresuma gogoratuko dute

1512an galdutako Nafarroako Estatuaren aldarriak jarraipena izango du datozen egunotan, erresumaren ipar eta hego mugetan, Tuteran eta Donapaleun. Erriberako hiria izan zen men egiten azkena, eta, Nafarroa Beheretik, galdutako erresuma berreskuratzeko deia luzatu zuten.

p016_f02.jpg

Martxelo DIAZ |

Nafarroako bi mugetan, Tuteran eta Donapaleun, 1512an galdutako Nafarroako Erresuma independentea ekarriko dute gogora datozen egunotan. Tutera izan zen duela bost mende Gaztelako inbaditzaileei men egin zien azkeneko gotorlekua, irailaren 9an. Donapaleutik, berriz, behin erresuma konkistatuta zegoenean, deialdia egin zuten Nafarroa berreskuratzeko, milaka lagunen erantzuna jasoz. Galdutako independentzia berreskuratzeko saiakera izan zen.

«Bi gertaera horiek gogoratzeko, alde batetik, irailaren 9an, Kantujira Nazionala ospatuko dute Tuteran, Erriberako kultur taldeek antolatuta, eta bestetik, urriaren 14an, `deskonkista kolektibora' deituz, egun osoko jaialdia antolatu dute Donapaleun», azaldu zuen Nafarroa Bizirik ekimeneko eledun Sergio Iribarrenek atzo Iruñean.

«Tutera azken gotorlekua izan zen, men egin zuen azken herria. Mendeak pasa dira eta Erriberak bizirik dirau. Inbadituak eta konkistatuak izan ginen, baina ez gintuzten garaitu, ez gaituzte dominatu. Horregatik, gaur Erriberatik luzatzen dugun mezua argia da: Erriberak, Nafarroa osoak, ez zuen men egin, ez du men egiten eta ez du men egingo», adierazi zuen Tuterako ekitaldien antolatzaile Alfonso Jimenezek.

«Are gehiago, zorigaiztoko irailaren 9 hartatik hona, lurralde guztietako nafarrak jo eta su izan gara borrokan, gaur arte, armen indarrez kendu zigutena, Estatu nafarraren independentzia, berreskuratzeko», erantsi zuen Jimenezek.

Hala, igandean, Kantujira Nazionala antolatu dute Tuteran, duela 500 urte gertatu zena gogoratzeko. 10.00etan gosaldu ondoren, Erriberako hiriburuko kaleetan zehar ibiliko dira kantuz, Lizeotik abiatuta. Bertan, akordeoilariak, trikitilariak, txistulariak, dantzariak eta zanpantzarrak bilduko dira. Ibilbidea amaitu ondoren, herri bazkaria egingo dute Erriberako kultur taldeek.

Hile osoan zehar, duela 500 urteko Nafarroari buruzko mintzaldiak ere izango dira Erriberako beste herrietan.

Nafarroa Beherean

Asisko Urmenetak eta Panpi Mailharinek azaldu zutenez, Donapaleun gaur hasiko den egitarau mardula prestatu dute duela 500 urte galdutako erresuma independentea berreskuratzeko egindako saiakera gogoratzeko.

1512an merindade guztietako nafarrak bildu ziren Donapaleun, eta, bertan, liberazio armada bat osatzeko deia egin zuten irailaren hondarrean, «Nafarroako Erresuma neutrala indarrez usurpatu, okupatu eta tiranizatu dutenen kontra». Bi aste geroago, milaka boluntariok osaturiko oldea abiatu zen Iruñerantz independentzia berreskuratzeko helburuarekin.

Irailean zehar Nafarroa Behereko herrietan mintzaldiak egingo dituzte, eta, amaitzeko, urriaren 14an, Donapaleun ekitaldi berezi bat deitu dute. Eguna 10.30ean hasiko da, Airetik gelako aparkalekutik abiatuko den Karrika-kurri kalejirarekin. Ondotik, «deskonkista ekitaldia» izango da Merkatu Lekuan. Eguna 19.00ean amaituko da, kontzertu batekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo