GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gipuzkoako Aldundia, irmo iruzurraren aurka

Zerga delituen zantzuak atzemanda, hamar espediente bidali ditu epaitegietara Gipuzkoako Ogasunak urteko lehen sei hiletan. Hartara, joan den urteko epe berean atzemandakoen kopurua bikoiztu egin da. Aurtengoak hamar kasu dira eta guztien artean hiru milioi euroko iruzurra osatzen dute. Ogasuneko zuzendari Xabier Olanok esan zuenez, borondatezko aitorpena egiteko kanpainek berebiziko garrantzia izan dute iruzurraren aurkako jardunean. Izan ere, errentaren gaineko zergari dagokionez, esate baterako, aurreikusitakoak baino 11 milioi gehiago bildu dituzte, eta ondarearen aitorpenen ondorioz, 6,5 gehiago. Olanok jakinarazitako emaitzak onak dira, zalantzarik gabe, eta esan liteke krisi egoera honetan hobeak direla; hala ere, zerga iruzurraren aurka egitea eta bakoitzak dagokion ekarpena egin behar duen kontzientzia hartzeko pedagogia egitea krisi garaian ez ezik, beti eta beti egin beharreko zereginak dira, ez soilik krisialdian. Gipuzkoako Aldundiko gobernua bere asmoa gauzatzen ari da, eta bere jarrera irmoari eutsiko diola iragarri du. Egia da haren ardura dela gipuzkoar guztien diruaren kudeaketa bidezko eta eraginkorra egitea, denen interesak lehenetsiz, horretarako hautatu baitzuten herritarrek; nolanahi ere, zoritxarrez, ez da ohikoa erakunde publikoek horrela jokatzea, eta kudeaketa bidezko eta egokia nabarmendu egin beharra dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo