GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bizkaitar batek eraman du, lehenbizikoz, Ordiziako txapela

Euskal Jaiak ospatzen ari dira Ordizian, igandera arte, eta ekitaldi nagusi moduan, Ordiziako 39. latxa-ardi gazta lehiaketa egin zuten atzo. Jon Etxebarria zeanuritarra garaile izan zen; bizkaitar batek irabazten duen lehen aldia da. Ondoren egindako enkantean, aseguru-etxe batek 7.400 euro ordaindu zituen garaile atera zen Idiazabal gaztaren erdiagatik.

p021_f01_144x121.jpg

GARA |

Iraileko lehenengo asteazkena atzo, eta urtero legez, Euskal Jaietako azoka berezia egin zuten Ordizian, baita horrekin batera latxa-ardi gazta txapelketa ospetsua ere, Idiazabal gazten lehiaketa sonatuena, aurten 39. edizioan.

Lehendabizikoz bizkaitar batek irabazi du txapelketa, Jon Etxeberria Zeanuriko artzainak, hain zuzen ere, eta berak jaso zituen 1.550 euroko saria eta garaikurra. Baita 5.000 etiketa ere berak ekoiztutako gaztari, irabazle izandako urtearen parean «Ordiziako txapelduna» izena jartzeko.

Hala ere, Jon Etxeberria txapeldunak sari bikoitza jaso zuen, izan ere, atzo aita izan zen, eta horregatik ezin izan zuen sari banaketan egon. Bere aitaginarrebak jaso zuen txapela. «Ketzua teknika erabiliz, kontu eta laztan handiarekin», horrela mintzatu zen gazta egiteko modua azaltzean. Bigarren saria, Eulatetik etorritako Ricardo Remiro nafarrak jaso zuen. Hirugarrena aldiz, Arabako Ilarduiako Eli Gorrotxategik.

Epaimahaian sukaldari ospetsuak izan ziren atzo Ordizian, besteak beste Martin Berasategi edota Pedro Subijana. Bestalde, ondorengo enkantean bildu zen dirutza, Ordiziako San Jose zaharren egoitzara bidali zuten.

Iaz baino 100 euro gehiago

Horiek horrela, Catalana Occidente aseguru-etxeak 7.400 euro ordaindu zituen atzo, Ordiziako 39. gazta lehiaketan garaile atera zen Idiazabal gaztaren erdiaren truke. Altxor preziatua eskuratzeko iaz Bilboko Porrue jatetxeak 7.300 euro ordaindu zituen. Aurten beraz, iaz baino ehun euro gehiago eskaini dituzte. Aurreko urteei erreparatuta, 2004. urtean Mutiloako Patxi erretegiak 12.100 euro eskaini zituen, eta 2009an aldiz, Super Amara saltoki kateak 12.000 euro jarri zituen.

Bestalde, Goierriko beste hainbat produktu, frutak edo barazkiak adibidez dastatu ahal izan zituzten atzo Ordizian.

NESKA BAT GARAILE

300 urteko historian lehendabizkoz neska bat izan da Antzararen Egunean gailendu dena. Eixuputz taldeko Maria Larruskain, 23 urteko bilbotarra izan zen. Bi altxaldi eginda antzararen burua lortu zuen bakarra izan zen.

84 batel LEHIAN

Atzokoan, 84 potin izan ziren antzararen lepoari heldu eta altxadarik gehien ematen saiatu zirenak, horien artean hamabi neska zeuden. Historian, errekorra 32 altxalditan dago eta iaz zortzi egin ziren.

500 urte

Ordizian asteazkenero egiten den azokak bost mende bete ditu aurten. Atzokoan ere Goierri eta inguruko nekazaritza eta abeltzaintzako produktuen saltzaile eta erosleak elkartu ziren. Arratsaldean, ohiturari jarraituz, profesionalen arteko pilota partidak ere izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo