Historia eginez neska batek irabazi du aurrenekoz Lekeitioko Antzara Egunean
GARA |
Urtero legez, jendez lepo bete zen atzo Lekeitioko portua San Antolin jaietako Antzara Egun famatuaz gozatzeko. Tradizio honek 300 urte baino gehiago ditu jada, eta atzokoan beste behin ere herriko portua eta mahoizko alkandorarekin eta arrantzaleen koadrodun zapiarekin jantzitako milaka lekeitiar eta bisitari izan ziren eguneko protagonistak. Uretan, potinetan sartuta, kuadrillak zeuden antzarari lepotik heldu eta altxaldi gehien emateko prest.
Eixuputz taldeko Maria Larruskain, 23 urteko bilbotarra bi altxada eginda izan zen antzararen burua lortu zuen bakarra, 48 segundoan, eta ondorioz lehiaketaren irabazlea. Hartara, 300 euroko saria eta txapela eraman zituen etxera. Historia egin zuen Maria Larruskainek, 300 urtetan, Lekeition irabazten duen lehen neska baita. Beste hiru taldek ere bi altxada egin zituzten baina ez zuten antzararen bururik lortu.
Bestalde, altxada gehien Ayatolah taldeko Juan Migoyak egin zituen, hiru hain zuzen ere. Dotoretasunaren saria aldiz, Korainak taldeak eraman zuen, ondoko lema zutela, «itsasoan arrainak eta mendian artzainak. Espetxean gure preso anaiak, muxuetan espainak. Eta Antzarretan... Korainak».
Pisuarekin tirabirak
Eguerdiko hamabietan, antzaretan parte hartuko zutenak pisatzen ibili ziren. Guztira aurten 84 txalupak parte hartu zuten, horietatik 64 lekeitiarrak, bi Lea- Artibaikoak eta 18 kanpokoak. Pisaketa lanak ordubete iraun zuen. Parte-hartzaileek 75 kilo baino gehiago ezin zutenez eduki, komeriak ibili zituzten lehiakideek pisua kentzeko. Jan barik, dieta eginda... bakoitzak bere pasadizoa zuen.
Pisaketa lanak bukatuta eta nork bere zenbakia hartuta, denak txikiteoan ibili ziren. Antzara jokoa 16.00etan hasi zen, eta 19.00ak jota ipini zuten azken antzara.