GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO | Idazlea

Gonbidatua

Setiatzaile bati buruzko filma ikusi nuen bart: «El amigo de al lado». Film angustiosoa da, eta agian premisa honi erantzuten dio: zinez eskumenik ote daukagu geure etxean nor sartzen den erabakitzeko? Batzuk baimenik gabe baitira sartzen, horretarako mailua behar badute ere. Enkontru bat, eta akabo. Behin sartzen dena, betiko sartzen da. Eta besteen etxean sartzen garenerako, ttak, zerbait aldatzen da. Zeure etxean izan naiz, badakit non dagoen atea, eta badakit non dagoen zure logela. Eta haurrena. Eta badakizkit gauza gehiago ere, inoiz esango ez dizkizudanak. Geure etxera behin sartu den hura gehiagotan sartzeko asmotan badabil, lanak izango ditugu hura ekiditeko. Zibilizatuak baikara, eskola onekoak. Nola esan geure etxean sartzen den horri arren eta mesedez gehiagotan ez etortzeko? Setiatzaileak ez dauka (guk izango genukeen) lotsa. Berdin zaio zer pentsatzen dugun. Badaki berataz gaizki esaka ibiliko garela, guretzat enbarazu bilakatu dela. Baina hain justu horrek estimulatzen du, bai baitaki enbarazu eginez geure arteko pitzadurak handituko direla, eta pitzadura horietatik, hain zuzen, bera sartuko da, gero eta gehiago, gero eta barrurago. Setiatzaileak ez baitaki zein den 'ez' hitzaren esanahia. 'Ez', jende arruntarentzat amesgaiztoa den hitz gakoa, tabua kasik, beretzat 'bai' bezalakoa da. Ez dio zalantzarik txikiena eragiten. Iraila iritsi da. Ingurura begiratzen dut. Zer izan da abuztua? Gerra. Uda larritasun batean pasatu dugu: gaixotasuna, gosea, kartzela. Zeren eta geuk ere badugu geure gonbidatua, etxera deitu gabe sartzen zaigun hura, geure intimitatean lardaskan jada bost mende daramatzan adiskide setiatzaile eta gupidagabea. Behin eta berriz esan diogu alde egiteko. Baina ez du entzuten. Burutik eginda dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo