GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Goiherri buru dutela, hiru euskal talde joan dira Suitzako Munduko Txapelketara

p043_f02_97x96.jpg


J.L.

Goiherri, Gaztedi eta Mutriku dira gaur eta bihar Suitzako Appenzell herrian jokatuko den Munduko Txapelketan neurtuko diren hiru euskal taldeak. Gaur eta bihar kluben mailan arituko dira lanean, eta larunbatean eta igandean, berriz, selekzioak arituko direnez, eta Euskal Herriak parte hartzerik ez duenez, ez dira arituko.

Gaur euskal taldeak 580 kiloko mailan bakarrik arituko dira, gainerakoetan ez baita euskal ordezkaririk izango. Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri A eta Goiherri B izango dira gaur lehian arituko diren taldeak.

Bihar, berriz, gizonezkoak arituko dira 640 kilokoan. Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri A, Goiherri B eta Mutriku, Suitzara joan diren talde guztiak arituko dira lanean. Baita 600 kiloko mistoan ere, han arituko baita Gaztedi talde bizkaitarra.

Goiherri taldea, izango da, dudarik gabe, dominaren bat lortzeko aukerarik gehien duen taldea. Euskal Herriko Txapelketan maila guztietako txapelak jantzi zituen, eta gainerako talde guztien gainetik agertu zen. Besteek ere izan ditzakete aukerak. Gaztedik mistoan ere dominaren bat lortzea ez litzateke harritzekoa izango. Mutrikuk berak lan oso ona egin zuen Euskal Herriko Txapelketan, nahiz eta ezin izan zuen, gainerako taldeek ezin izan zuten bezalaxe, Goiherri taldea batere estutu.

Suitzako Munduko Txapelketarekin emango zaio amaiera aurtengo lur gaineko sokatirari. Talde berririk ez da batere sortzen, eta hori izango da, dudarik gabe, berririk kezkagarriena etorkizunari begira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo