Abentura kirolei buruzko bi estreinaldi Belodromoko «Big Friday» emanaldi berezietan
Donostiako Zinemaldiak akziozko dokumentalen aldeko apustua egingo du ostiraletan hiru dimentsioko proiekzioak eskainiz. Filmok datorren urtean hasiko den sail berri baten aurkezpen gisa balioko dute.
GARA | DONOSTIA
«Big Friday» ekimenak abenturaz jositako istorioak ekarrizko dizkigu Donostiako Zinemaldira. Emanaldi berezion aurkezpena atzo egin zuten, Zinemaldian akziozko kirolei buruzko lanei ikusgarritasuna eman asmoz. Hala, Zinemaldiaren 60. edizioko ostiral guztietan akziozko pelikula bana eskainiko dute.
Antonio Elorza Belodromoan proiektatuko dira bi pelikulak, eta batik bat gazteak erakarriko dituztela uste badute ere, abenturazko dokumentalek eskaintzen duten gertutasunari esker publiko zabal batera iristea dute helburu. Gainera, sentsazioak are errealagoak izan daitezen, emanaldiak hiru dimentsiotan izango dira.
Lehenengo filmak «Storm surfers» du izena eta Christopher Nelius eta Justin McMillan zuzendariek egindakoa da. Ross Clarke-Jones eta Tom Carroll surflari ospetsuei buruzko dokumental honekin Australiako olatuak ezagutuko ditugu; arriskua gertutik sentituko dugu, baina baita izurdeekin igerian aritzeak ematen duen lasaitasuna ere.
Curt Morganek, ordea, mendira jo du «The art of flight» filma egiteko. Travis Rice eta bere lagunen eskutik, snowboardaren mundua gerturatuko digu zuzendariak. Kanada, Patagonia, Alaska, Errumania, Wyoming edo Austriako mendietan grabatutako irudi ederren bidez, elurtutako paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera izango dugu.
Pelikuloi esker, surfean zein snowboardean aritzen direnek gustuko dituzten kirolen irudiak inoiz ez bezala ikusi ahal izango dituzte. Izan ere, «Storm surferfs» pantaila handian ikusi ahal izango den lehen aldia izango da Zinemaldikoa. «The art of flight», berriz, mundu mailako hiru dimentsioko estreinaldia izango da. Iaz aurkeztu zenean izan zuen arrakasta izugarriak bultzatuta, orain hiru dimentsiotan ematea erabaki dute.
Puntako surflariak Donostian
Zinemaldiak irauten duen bitartean, Quiksilver Pro France txapelketa ospatuko da; WCT kategoriako surf zirkuituko proba, alegia. Kategoria horretan bi lehiaketa besterik ez dira ospatzen Europan, eta Hossegorretik Mundakarainoko kosta zatian ospatzen dena horietako bat da. Txapelketak «Big Friday» ekimenarekin bat egingo duenez, Zinemaldiko emanaldietan pelikuletako protagonistez gain munduko surflari onenetariko batzuk ere izango dira.
Emanaldiok babesten dituzten Wanda Vision, Quiksilver eta Red Bull Media House enpresek, Zinemaldiarekin batera, datorren urtera begira mota honetako filmez osaturiko sail bat prestatu ahal izateko bidea erraztea espero dute. Hala, 61. ediziotik aurrera, Zinemaldiak beste sail bat gehiago izango du «Bestelako jarduerak» atalaren barruan. Bertan, abentura eta akziozko filmak aurkeztuko dituzte.
Michael Hanekeren «Amour» pelikulak Fipresci Prentsa Zinematografiaren Nazioarteko Federazioaren urteko film onenaren saria jasoko du. Ramon Agirre aktore donostiarrak filmean parte hartzen du, eta, horregatik, berari egokitu zaio Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio galan gainontzeko lankideen izenean Fipresci saria jasotzea.
Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak saila irekiko du «Amour» lanak, zahartzaroko maitasun harreman bati buruzko drama erromantikoa pantailaratuz. Agirrek protagonisten atezainaren papera jokatzen du filmean.
Horrez gain, Austriak jakinarazi dunez, Oscar sarietara aurkeztuko du Hanekeren filma. Hala, Cannesko jaialdian Urrezko Palmorria eskuratu ostean, ingelesa ez den hizkuntza batean eginiko film onenaren Oscar saria irabazteko aukera izango du orain. GARA