Biarritzek eta Avironek Anoetan jokatuko dute Ligako partida
J.L.
Biarritzek eta Avironek elkarren aurka jokatu behar duten Ligako partida irailaren 30ean jokatuko dute Anoetako estadioan, 17.00etan hasita, atzo Biarritzek idatzi baten bidez ezagutzera eman zuenez.
Aurten bigarren aldiz neurtuko dira Lapurdiko bi taldeak Gipuzkoako hiriburuan, abuztuaren hasieran ere jokatu baitzuten, baina orduan Euskal Herriko Kopa izan zuten jokoan, eta orain Ligako partida izango dute.
Pasa den urtean ere jokatu behar zuten Anoetan, baina neurketa bertan behera geratu zen orduan, eta gero jokatu zutenean Agileran neurtu ziren bi taldeak. Azken batean bi klubek nahi izaten dituzte derbi hauek Donostian jokatu, beraientzat diru sarrera handiagoa izaten delako. 14.000 ikusle sartzen dira Agileran, eta 17.000 Jean Dauguerren. Donostian 32.000, eta erabat bete ez arren, bi zelaietako kopurua aise gainditzen dute.
Sarreren salmentari dagokionez, zenbatean egongo den oraindik ez dute argitu, baina datozen egunetan jakinaraziko dutela iragarri zuen talde zuri-gorriak, beraiek izango baitira etxekoak. Errugbi zale gipuzkoarrak gustura egoteko moduan dira, euskal derbia ikusteko aukera baitute.