GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hogei sagardogile sariaren bila, Kizkia taldeak antolatutako XIII. lehiaketan

p019_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Zaporea garrantzitsua da, noski, baina kolorea, testura, zein txinparta duen, indarra, usaina... hainbeste dira sagardo onena zein den erabakitzeko aintzat hartu beharreko ezaugarriak!

Dagoeneko abian da Astigarragako Kizkia taldeak antolatzen duen sagardo lehiaketa. Aurtengoa XIII. edizioa da, eta guztira hogei sagardogile lehiatuko dira podiumean gailentzeko. Hernanitik (Itxasburu eta Otsuenea sagardotegiak), Astigarragatik (Lizeaga, Petritegi, Alorrenea, Gurutzeta, Oiarbide, Larrate, Irigoien eta Artola), Adunatik (Zabala eta Aburuza), Usurbiletik (Udaira), Oiartzunetik (Baleio eta Ordozelai), Urnietatik (Eula eta Altuna), Andoainetik (Gaztañaga), Abaltzisketatik (Zalbide) eta Legorretatik (Aulia) gerturatu dira.

Orotara lau sailkapen fase daude: abuztuaren 29an eta irailaren 5ean egindakoak, eta datorren asteazkenean, hilaren 12an egingo dutena. Finala hilaren 19an jokatuko da, Izarra elkarteak Astigarragan duen egoitzan, 13.30ean. Txapelketa bazkari batekin borobilduko dute.

Lehiaketaren berezitasuna da, besteak beste, hurrengo fasera pasa diren edo ez sagardogileek eurek ere ez dutela jakiten. Ezta epaimahaiko hamar kideetako bederatzik ere. Lagun bakarra da informazio horren jabe, beraz emozioa azkenera arte bizi-bizirik dela dio Jose Luis Perez kideak.

Sagardoa zerekin laguntzen den garrantzitsua delako, lehenengo txandan hamar sagardo arrainarekin batera dastatzen dituzte, eta gainerakoak haragiarekin. Finalean sei sagardo lehiatuko dira, baina nortzuk izango diren eurek ere ez dakite.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo