GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Juan Mari ETXABE | URDAIBAIKO ENTRENATZAILEA

«Egunetik egunera traineruak pauso bat ematen du aurrera»

Juan Mari Etxabe (Oiartzun, 1966) arraunaren lehen lerrora itzuli da. Orain dela bi urte Pasai Donibanen aritu zen itzaleko hainbat lanetan, eta iaz Santurtziko entrenatzaile moduan ez zuen taldea San Miguel Ligara igotzea lortu. Aurten, ordea, Urdaibaiko prestatzaile gisara, Kontxa irabazteko lehian sartuta dabil, arraunlari moduan bost aldiz eta entrenatzaile bezala beste behin eskuratu duen lorpena.

p036_f02.jpg

Asier AIESTARAN

Berak egoera patxada handiz daramala dirudien arren, mugimendu askoko egunak izaten ari dira azken hauek Juan Mari Etxaberentzat. Prentsa, irrati nahiz telebistarako makina bat elkarrizketa egiten ari da, eta taldearen lanari ere azken zertzeladak eman nahian dabil buru-belarri. Igandeko estropadari begira oso baikor aurkitu dugu, eta arraunlariak oso ongi ikusten dituela dio; kontuan hartzeko adierazpenak, Etxabe bezalako beterano handi baten ahotik entzunez gero.

Zer moduz doa aste berezi hau?

Nahiko lasaia. Oso ongi ari gara lanean, oso kontzentratuta gurean, inolako istilurik gabe. Uste dut egunetik egunera traineruak pauso bat aurrera ematen duela, hori iruditzen zait niri behintzat, eta geure buruarekin konfiantza hartzen. Gogotsu gaude igandea iristeko eta barruan daukagun guztia emateko.

Esana zenuten lehendik ere aste hau ongi etorriko zitzaizuela blokea egiten joateko.

Tripulazio hau gutxitan ibili da batera eta horretan gabiltza. Blokea asentatzen ari da, ñabardurak pulitzen ari gara, eta orain arteko entrenamenduak oso onak izan dira. Morala gainezka daukagu eta nik uste estropada handi bat ikusiko dugula igandean.

Kalean ez dabil beste konturik, zuri ere mila aldiz galdetuko zizuten. Posible al da Kaikuri lau segundo ateratzea?

Bai. Oso argi daukat. Gure ustez aurreko igandean estropada ona egin genuen, txanda txarrenean eta hasieran inork nahi ez zuen kaletik. Psikologikoki oso indartsu dago taldea eta horregatik egin genuen horren estropada ona. Uste dut behar besteko indarra badagoela, teknikoki ere urratsak eman ditugula, eta atzerapenari buelta emateko gai bagarela. Guk dena oso ongi egin beharko dugu, baina beraiek ere bai, irabazi nahi badute. Urduritasun handia egongo da, kaleen artean ere aldeak egon litezke... edozein akats garesti ordainduko da.

Urte askoan gertu egon eta gero, Urdaibaik bi Kontxa jarraian irabazi ditu, azken biak. Horrek konfiantza gehiago ematen al die arraunlariei?

Kontuan izan behar da aurten sei aurpegi berri daudela taldean, ababorreko banda guztia berria dela. Hori sumatu egin da denboraldian zehar. Baina egia da iaz Kontxa irabazi zuten arraunlariek diotela oraintxe bertan traineruak ez duela iazkoaren inbidiarik. Horregatik diot aukera asko ditugula irabazteko. Eta bai, arraunlariak ere baikor daude igandera begira.

Jose Luis Korta zure entrenatzaile izan zen zenbait urtetan, biok Castron zeundetenean. Hura ezagututa zer uste duzu ariko zaiela esaten bere mutilei?

Ez dakit. Fisikoki lanak egina egon behar du aspalditik, eta orain garrantzitsuena burua bere lekuan edukitzea da, mutilak ahalik eta lasaien edukitzea. Bere zenbait adierazpen ari naiz entzuten egunotan eta egia esan ez dut uste burua behar den lekuan duenik. Badakigu denok zeri bueltaka dabilen beti, baina niri horrek ez nau batere kezkatzen, nik badakit nire taldea nola dagoen eta hori da niretzat inporta duen bakarra.

Aurreikuspenek diotenez, itsaso lasaia espero da iganderako.

Hala ari dira esaten. Baina dagoenarekin egin beharko da arraun, ez dago beste aukerarik, eta horri ez diot batere begiratzen. Egunean bertan baliteke egoeraren arabera aldaketatxoren bat egitea, baina ordura arte ez nau arduratzen.

Arraunlari bezala Bermeon aritua zinen. Zer moduzkoa izan da entrenatzaile lanetan itzultzea?

Pozik nabil. Egia da taldeak aldaketa asko izan dituela iaztik, niregandik hasita, prestatzaile fisikoa, arraunlari asko... Baina orokorrean nik uste lan txukuna egin dugula. Ez ditugu hainbeste bandera irabazi, baina etxeko mutil gazte batzuk igo ditugu, borrokan ibili gara beti eta lan polita egin dela uste dut. Nire lanaren azken balantzea beste batzuek egin beharko dute, baina ni pozik geratu naiz neure buruarekin.

Azkenik, eta hainbeste urtean Pasai Donibanen ibilita, zu ere asko poztuko zinen Donostiako portua aurreko igandean horren arrosa ikusita, ezta?

Bai noski. Hainbeste urtean han arraun eginda, bertan bizita... Nire seme-alabak ere arrosaz jantzita joaten dira Kontxara! Ilusioa hortxe dago piztuta jada. Herria lasai dago, bat eginda, behinola izandako liskarrak ahaztuta, eta zuzendaritza berria lan bikaina egiten ari da zentzu horretan. Taldea ere aurpegia ematen ari da. Uste dut sekulako ohorea dela herri txiki batentzat bi talde, neskak zein mutilak, Kontxan edukitzea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo