Dantzariek toki berezia izango dute Otsagabiko jaietan
Udaletxetik jaurti zuten suziriak eman zien atzo hasiera Otsagabiko jaiei. Pirinioetako herri honetan berebiziko garrantzia dute dantzariek eta Boboak. Atzo dantzatu zuten, eta gaur berriz ekingo diote lanari, eguerdian Muskilda basilikan eta arratsaldean Blankoa plazan. Datorren asteartera arte jai giroa nagusituko da Zaraitzu ibarreko herri honetan.
GARA |
Udal Plazatik atzo eguerdiko 13.00etan jaurti zuten suziriak eman zien hasiera aurtengo Otsagabiko jaiei. Zaraitzu ibarreko herri nagusian txoko guztietara zabalduko da festa giroa heldu den asteartera arte.
Otsagabian dantzariek eta Boboak protagonismo handia izaten dute jaietan. Atzo, festetako lehen egunean, lehen agerraldia egin zuten Blankoa plazan, salbearen ostean.
Gaurkoan, jaietako egun nagusia izanda, dantzariek beste emanaldi bat egingo dute. Muskilda ama birjinaren basilikan emandako meza nagusiaren ondoren izango dira.
Euskal folklorean berebiziko garrantzia dute Otsagabiko dantzariek. Makilaz lagunduta dantzatzen dituzten lau zatiz osatuta dago herri honetako dantza. Horrekin batera zapi-dantza eta jota ere dantzatzen dituzte.
Zortzi dantzari aritzen dira, Boboarekin batera -bi aurpegi dituen maskara daraman pertsonaia bereziarekin-, urtetik urtera Pirinioetako ohitura hau berritzen.
Horretarako, lau dantza egiten dituzte, makila eskuetan. «Enperadore», «Katutxa», «Dantza» eta «Modorro» izena du horietako bakoitzak, eta jarraian zapi-dantza eta jota ere egiten dituzte.
Iraganaren gau ilunean dute jatorria dantza hauek, eta Otsagabiko herritarren esfortzuari esker iraun dute gaur egunera arte. Zaraitzuko herri honetako dantzariak eta Boboa aipatzen dituen lehen dokumentu idatzia 1695. urtekoa da.
Eguerdiko dantzarien emanaldiaren ondoren, Atharratzeko herriko ordezkariei harrera egingo diete. Arratsaldean, 18.00etan, bost dantzari taldek beste emanaldi bat eskainiko dute Blankoa plazan. Ondoren, 19.30ean Txanbezpel taldeak herri abestiak kantatuko ditu, eta ordubete beranduago Danbakhana perkusio taldea arituko da.
Herriko dantzariek berriro helduko diote lekukoari, 20.00etan, gaitarien laguntzarekin. Bestalde, otsagabiar gazteenek ere beraientzako musika aproposa izango dute gauean. Irunberriko Altzatu eta Mandoilek taldeen eta DJ Bull-en eskutik, 23.30etik 05.30era iraungo du musika saioak.
Jaietan gustura gozatzeko hobe da autorik ez hartzea. Horretarako, aurten ere Xin-Fan autobus zerbitzua antolatu dute, inguruko herrietako jendea Otsagabira ekartzeko eta goizaldeko ordu txikietan etxerako bueltako bidaia arriskurik gabe egin ahal izateko. Autobusa 00.30ean abiatuko da Aizpurgitik Otsagabira, 01.00etan Itzaltzutik eta 01.30ean Jaurrietatik. Itzultzeko bidaiak 04.00etan eta 06.30ean aterako dira Otsagabitik Aizpurgira eta 06.00etan Jaurrietara.
Biharko eguna Txanbezpel taldearen laguntzarekin hasiko da. Goizean goiz dianak jo, eta ondoren bermuta animatuko dute. 13.30ean jotak izango dira Raices Navarras taldearekn eskutik, eta ospakizunetan jarraitzeko beharrezkoak diren indarrak berreskuratzeko, Urrutian egingo diren paella eta kaldereteak aukera ezin hobeak dira.
Arratsaldean, 18.00etan, pilota jaialdi aparta hasiko da. Emakumezkoetan paletan arituko dira Susana eta Rebeka Yaniraren eta Maiteren kontra. Jubeniletako partida Gorka eta Oihan Artzairen eta Martintxoren kontra izango da. Profesional ohiak ere izango dira Otsagabian: Capellan eta Eulate Kokaren eta Galartza VI.aren kontra.
19.30ean dantzaldia izango da Eqqus taldearen eskutik, eta 21.30ean herri dantzak gaitariekin. Afal ondoren, berbena izango da, 00.30etik 04.30era, Eqqus taldearekin.
Astelehenean Auzoen Eguna ospatuko dute, eta auzo desberdinak elkartzen dituen bazkaria da eguneko ekitaldi nagusia. Asteartean, berriz, Txikien Egunak emango die amaiera Zaraitzu ibarreko herri honetako jaiei.
Jaietan arriskurik gabe gozatzeko, Xin Fan busa jarri dute martxan aurten ere Otsagabia eta inguruko herriak lotzeko. Bi euro balio du txartelak. Aizpurgi, Itzaltzu eta Jaurrietatik abiatuta, joan-etorriko bidaiak egingo ditu.
Atzo eguerdian eman zieten hasiera Otsagabiko jaiei. Asteburu aparta izango dute giroaz gozatzeko, baina astelehenean Auzoen Eguna eta asteartean Txikien Eguna ere izango dute ongi pasatzeko.