GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Iñaki ERRASTI | kaikuko arraunlaria

«Txanda irabaztea, gure buruan ez dago bestelako konturik»

Iñaki Errastik (Usurbil, 1979) bosgarren urtea du aurten Kaikuren tostetan. Orion arraunlari egin ostean, Astilleron eta Arkoten ibili zen, baina Sestaoko taldean aurkitu du azken urteotan bere lekua. «Bizkaitarra» ontziak izandako bilakaera, Kortaren esanetara, bete-betean ezagutu du, maila igoera, 2009ko Kontxa eta iazko TKE Liga titulua barne. Aukeratzen hasita, ordea, Kontxa irabazi nahi du berriro.

p036_f01.jpg

Asier AIESTARAN

Bere entrenatzailearen batere antzik gabe, hizketarako gizon lasaia da Iñaki Errasti. Berak aitortzen duen moduan, traineruan eserita dagoenean sentitzen da erosoen, baina gure galderei erantzuten ere ez du zalantza handirik egin, zuzen eta zintzo esan ditu pentsatzen dituenak. Azken urteetan irabaztera ohitu da, baina hala ere Donostian garaipena lortzeko irrikaz sumatu dugu.

Zer moduz doa aste berezi hau? Hasi al zara urduritzen?

Bai, bai. Egia esan tentsio puntu bat nabaritzen dut jada. Aste berezia izaten da, luze samarra aukeran, baina dena ondo doa. Guretzako momentu onena entrenatzera joan eta traineruan jartzen garenekoa izaten da. Izerdi pixka bat aterata, komodoena hortxe sentitzen gara. Igandea iristeko zain.

Denboraldiko sasoi honetara iritsita, zer lantzen duzue entrenamenduetan?

Egia esateko oraingo hauek ez dira entrenamendu gogorrak izaten. Helburua freskotasuna mantentzea izaten da, txispa hori ez galtzea. Talde bezala konjuntatzea da gure lan nagusia. Aurten ia egun bakar batean ere ez du tripulazio berdina jarri Jose Luisek. Plantilla zabala daukagu, arraunlari oso onak, eta aldaketa asko egon dira. Alde horretatik suertea eduki dugu, baina orain igandera begira irtengo garenok blokea lantzen ari gara. Afinatzen.

Aski ezaguna da Kortaren irabazle sena. Zer eskatu dizue azken egunotan?

Igandera begira sekretu handirik ez dago. Nahiz eta entrenamendu luzeak ez izan, saioak kalitatezkoak izatea nahi du, gu zentratuta ikustea eta gure lana ongi egitea. Eta mentalitate aldetik, argi edukitzea estropada oso zaila edukiko dugula eta asko sufritu beharko dugula.

Kalean ez da beste konturik. Nahikoa izango al da lau segundoko abantaila?

Denbora horri begira egoterik ez dago. Badaezpada 3,92 segundo horiek ongi gordeta dauzkagu, baina gure buruan dagoena zera da, aurreko igandean Urdaibai baino zazpi segundo azkarragoak izan ginela eta hurrengoan ere txanda irabaztera irten behar dugula.

Argi dagoena da Kontxara etxeko lanak ongi beteta iritsi zaretela, Ligako garaipena esku-eskura daukazue eta Txapelketa gehienak ere irabazi egin dituzue.

Guk denboraldia ez dugu Kontxan jokatuko, edo gutxienez, denboraldiaren balantzea ez da Kontxara mugatuko. Argi dago Kontxa sekulako ginda izango litzatekeela denboraldi oso on bat borobiltzeko, baina ez bada lortzen aurtengoa ez litzateke denboraldi txar bat izango. Hala ere, oraindik ez da balantzeak egiteko garaia.

Parean berriz ere Urdaibai izango duzue, azken urte hauetan zuen aurkari nagusia izan dena. Talde barruan sumatzen al da kanpoan ikusten den lehia hori?

Orain arte, aurten ikusi dugunaren arabera, argi dago gu gehiago izan garela. Osteguneko sailkatze estropadan aurretik sartu ginen eta aurreko igandean ere bai. Alde horretatik, guk geurera egon behar dugu. Egia da lehen jardunaldian sekulako estropada egin zutela, baina ez genuen txanda berean arraun egin, eta hor ikusiko da benetan bakoitza non dagoen.

Aurreikuspenek diotenez, itsaso lasaia espero da iganderako. Zuentzat hobe?

Metro erdi inguruko olatuak eta printzipioz haize gutxi. Azken batean, guk nahi duguna da kaleen artean alde gutxi egotea eta denok baldintza berdinetan arraun egitea. Nik uste dut hori beteko dela, eta ea ongi baliatzen dugun gure aukera.

Urte dezente daramatzazu Sestaon. Pertsonalki gustura al zaude Kaikun?

Oso pozik. Zorte handia eduki dut garai hauetan Kaikun ibili izanaz. Bost urte oso onak eduki ditugu, bai kirol aldetik eta bai pertsonalki ere oso pozik egon naiz beti. Oraindik ez dakit ziur hurrengo urtean hemen egongo naizen ala ez, seguru asko bai, baina garrantzitsuena hori da, gustura nagoela eta aurreneko egunean bezalako ilusioa daukadala entrenatzera joateko.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo