Hamar gazte, hamaika bidegabekeria politiko
Hamar euskal gazte, beste hamar, epaituko dituzte bi astean zehar, hilaren 18an hasita. 2009ko martxo bukaeran eta apiril hasieran atxilotu zituzten. Bost egunez bakartuta egon zirenek torturak salatu zituzten. Eta gehienak kartzelatu zituzten. Orain zazpi eta bederatzina urte bitarteko zigorra eskatzen diete, Segi erakundeko kide izatea egotzita. Kontaketa hau ezaguna egingo zaio edozein euskal herritarri, gehienek behin baino gehiagotan entzuna baitute, aldaera bakarra gazte auzipetuen kopurua eta haien izenak eta herriak dira: Iruñerrikoak, Gasteizkoak, Ezkerraldekoak... Oraingoan hamar gazte dira, baina bakarra balitz ere bidegabea izango litzateke epaiketa eta epaiketa arteko ibilbide neketsua. Aski da beren ageriko militantziagatik, beren konpromiso politikoagatik, atxilotu eta auzipetzea, epaitzea. Azken urteotan ehunka gazteri eginarazi diete ibilbide ilun hori, horietako hainbat gaur egun kartzelan daudela, denei ere sufrimendu ikaragarria eragin eta beren bizitzako zenbait urte ostuta. Egunotan, Hernanin hamar auzipetuon aldeko babes kanpaina egiten ari dira, gazte horiei elkartasuna erakutsi eta epaiketak eragingo dizkien gastu ekonomiko itzelei aurre egiten laguntzeko. Izan ere, elkartasunak, jendartearen babesak eta konpromisoak ulertarazi beharko diote Estatu espainolari epaiketa politikoak onartezinak direla, eta lekuz eta garaiz kanpo ari dela.