Xabier Izaga | Kazetaria
Jende beldurgarri eta eskasa
Zigorgabetasunaren Erreinuan, zinismoaren mukuruan, zigorgabetasunari tarterik ez uztea argudio, botere politikoak eta judizialak espetxe baldintzarik latzenetan hamabost urte eman dituen gizon bat, gaixotasun larri eta sendaezina duenean, kartzelan atxikitzen dute, haren sufrikarioa lizunkeriaraino luzatuz.
Zigorgabetasunaren gainean eraiki zuten monarkia konstituzionalak zigortu dituenentzako zigorgabetasunik ez dagoela diote behin eta berriz, eta ez dute onartzen horietako batzuen biktimak zigortu ez dituenen biktimekin alderatzerik.
Biktima batzuek esandako astakeriak nolabait ulergarriak dira. Ulergarria eurek esatea, alegia. Ez dakit. Baina horrelakoak esaten dituztenean txalotu eta duintasun eredu direla esatea lotsagarria eta, batez ere, beldurgarria da. Hori duintasuna al da? Horrelako duintasun kontzeptua duen gizarte batek arazo handia du. Diotenez, euskal gizartea gaixorik dago. Ez dut jende hori gaixorik dagoela esango, eta sinistu nahi nuke ez duela espainiar gizartea ordezkatzen. Ez dira gaixoak, jende eskasa da. Gobernuko alderditik «que se jodan» botatzen badiete, sutu egingo dira, baina larderiatsuenaren aurka ezin dutenez, ausartzen ez direnez, ahulenaren, zehatuenaren kontra botako dute beren behazuna. Gillotin, Lynch. Eta astakeria horiek bultzatu eta gauzatzen dituzten hedabideak eta Gobernua ere ez daude gaixorik. Horregatik dira hain beldurgarriak.
Hala ere, ez omen dute Uribetxebarria kartzelan hiltzerik nahi. Hil-hurren dagoela atera beharko omen lukete giltzapetik. Hil baino hilabete bat lehenago? Zenbait egun? Zenbait ordu? Eta nork erabakiko du, nork jakingo du, ateratzeko data eta ordu zehatzak, auzitegiko mediku andereak?
Aizu, eta Uri... Bolinaga ahalik eta denbora luzeena kartzelan atxikita, lanpostu bat lortuko al duzu? Neska lagunak maiteago izango al zaitu? Senarrak edateari utziko al dio? Zoriontsuago izango al zara? «El que la hace la paga».
Zein da ezinbesteko sufrikario horren helburua, beraz? Emozio batzuk, barrenak eskatutakoa, asetzea. Zezenketen helburu bera. Hori ote da Urkulluk beldur zion ikuskizuna?