GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Complimenti amico!

Xabat eta Aimar nire semeek esango luketen bezala, bi lo bakarrik falta direnean Madrilera eta bide batez norberaren etxera iritsi, eta horrenbeste faltan hartzen dudan etxeko ohea hartzeko, ozta-ozta bada ere, gu taldeko helburuak bete berri gaude. Egun batzuk generamatzan etapa garaipen honen bila. Batzuetan "desesperazio" puntu batekin ere bai, eta azkenean, asko kosta arren Dannielek irabaztea lortu zuen Valladoliden. Hala ere, behin garaipenaren ontzitik edanda, zaporea gustatu, eta gaur [atzo] ere garaipenaren bila irten gara. Benetan diotsuet, taldeko guztiok zama handi bat kendu genuela Bennak irabazitako etaparekin, eta aspaldi ez bezalako une goxoak izan genituen afalorduan; baina behin bat irabazitakoan, zergatik ez joan beste baten bila? Horregatik, gaur irabaztea erraza izango ez zela bagenekien arren, gaur ere taldea tiran egon da Bennaren eta Bakelandsen aukerekin ametsetan.

Txirrindularitza, bizitza bera bezala, borrokalarientzat egina da. Inork ez du ezer oparitzen, eta indar eta talentuaz gain, norberaren barruan kasta eta "amor propio" handia behar dira. Horretxegatik, lasterketan geratzen garen zazpi txirrindulariok, taldekako erlojupekoa egin genuen ibilbidean, miura handiak irteten diren bezala irten gara, gure italiar beltzaranak beste etapa garaipen bat lor dezan helburu finkoarekin. Aurrez esan bezala, txapeldun handi bat izateaz gain, "gentelman" ala " signore" bat da, eta horrelako lider bat askotan aurkitzen ez denez, denok borrokatu nahi genuen, bere zakura beste garaipen bat sar zezan. Baina Bennaren garaipen handiena, ez dira Tourreko bi etapak ala Vueltako seiak, bere garaipen handiena, den modukoa izan, umila, zuhurra eta leiala izan, eta hala ere "killer" sen hori ez galtzea da. Complimenti amico, sei in grande!!! ( Zorionak laguna, handia haiz!! )

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo