GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Getxoko folk jaialdia

Kantauri itsasoak zipriztinduak

p046_f01_131x108.jpg

Anartz BILBAO

Bakarlari legez aurkeztu ohi dugu Mikel Urdangarin, oholtza gainera sekulako taldearekin agertzen den arren. Herenegun, Getxo Folk jaialdia ireki zuen zornotzarrak, eta musikari seikotea nahikoa ez balitz bezala, Cristina Pato gonbidatu zuen gurera, Kantauri itsasoko soinu uztarketa gozoa emanez. Urdangarinen ahots dardarati epela estimatua da oso gurean, baina galiziar gonbidatuak egin zuen berezi sarreran ilarak zirela-eta ordu laurdeneko atzerapenaz hasi zen jarduna. Areetako Geltokia plazan jaialdia burutzeko propio jarritako karpapea bete ez bazen, gutxi falta izan zitzaion, tartean folk jaialdian ohi diren baino zale gazteagoak lehen lerroetan zirela.

«Taula gainera ateratzea ospakizuna da guretzat» esan, eta kantatzeari ekin zion Urdangarinek, atzean ezohiko musikari taldea zuela: Koldo Uriarte (pianoan eta teklatuetan), Bingen Mendizabal arrabitan eta Rafa Rueda -oso udatiar- gitarran (2010eko abenduaren 10ean grabatu zuen zuzeneko diskoan ere alboan izan zituen aspaldiko lagunak), gehi Mikel Urbeltz arrabitan eta taldekide berri legez aurkeztu zuen Angel Celada eskarmentuduna baterian -Mikel F. Krutxaga soinu teknikari-.

«Haitzetan», «Hezurrak», edo belarrira ezberdin jo zigun «Anek idatzi dit zutaz» fin joz hasi zen emanaldia, tresnen sonorizazioa bikain eta gure gusturako ahotsa ozenegi zela. Ruedaren sarrera ederrak freskatutako «Hauskor» eta «Ezin esan» gero, oholtzara Cristina Pato deitu baino lehen.

Galiziarrak indarra eman zion zuzenekoari, eta bistan utzi zuen denbora gutxian konexio bikaina lortu zuela musikariekin. «Orain hiru urte ezagutu genuen elkar Jerusalemen, gertakari gogor batzuk zirela medio bertan behera gelditu zen jaialdi batean jo behar genuela-eta», kontatu zuen zornotzarrak, eta jarraian Patok argitu zigun ostegunean goiz eta arratsaldez beraiekin Gasteizen entseguak egin eta ostiral goizean azken saioa egin zutela.

Bere aldetik, «esperimentu bat da gaurkoa, beraien musikara moldatu beharra dut nik, eta nire musikara egokitu beraiek» adierazi zuen zuzenean beste seiek batera adina indar eta grina erakutsi zuen gaiteira-k -lanak izan zituzten bere tresnak sonorizatzen-. Oholtza gainean eroso ziren musikariak, eta gustura entzulea. Giro atseginean, «ohartu nizun taldea emozionalki ezegonkorra zela» bota zion Urdangarinek galiziarrari, eta Patok adarjotzaile erantzun, «ikusi dut, emozionalki... eta batzuk baita fisikoki ere». Gero, azken hamar urteotan taldeak izan duen lege bat urratu izana leporatu zion zornotzarrak, «gurean ez du inork dantza egiten», nahiz eta Rueda ez zen esandakoarekin konforme.

Pato animosarekin batera «Lau koplatxo», «Badira hiru aste», Laboaren «Martxa baten lehen notak», «Egun argian»... eman zituzten, baita gaita eta txirula nabarmendu zituen galiziar doinuren bat ere. «Zaharregia, txikiegia agian» finak itxi du kontzertua, jendea txaloka zutik jarriz. Oraindik beste lau joko zituen taldeak, «Non geratzen den denbora» baino lehen Lugoko Alvaro Cunqueiro (1911-1981) olerkariaren «Quen puidera namorala» -70eko hamarkadako poema, oso kantatua Galizian- entzuleria osoari kantaraziz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo