Hautetsien Kontseiluaren gehiengoak Lurralde Elkargoaren alde bozkatu du
Hautetsien Kontseiluak Lurralde Elkargoa sortzeko aukera aztertzea eskatzen duen proposamena helaraziko dio Senatuari, ostegunean izandako biltzar nagusiaren ondotik. Lekuko hautetsi sozialistek prozesua zapuztu nahi izan dute, proposamen propioa aurkeztuz.
Ainize BUTRON |
Eztabaidatsua izan zen, ostegun arratsean Hautetsien Kontseiluak Baionan egindako biltzar nagusia. Eztabaida, bilkuraren erdian sozialistek aurkeztutako emendakinak piztu zuen gehienbat. Hiru orduz gaia aztertzen ibili ondoren, bertan zeuden berrogei bat hautetsietatik gehiengoak aldeko botoa eman zion Senatuari «Lurralde Elkargoa sortzeko aukera aztertzeko» eskatzen dion testuari.
Estatu frantsesean abiatu deszentralizazio eztabaidaren barruan aurkeztuko den proposamen horrek hiru eskaera zehatz egiten ditu. Lehenik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bilduko lituzkeen Lurralde Elkargoaren sorrera aztertzeko eskatzen du.
Bigarrenik, deszentralizazio legean Ipar Euskal Herriari buruzko atal bat txertatzea eskatzen du Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluaren babesarekin. Atal horren bidez, bi egiturek Ipar Euskal Herria egituratzeko duela urte bat abiaturiko hausnarketa prozesua bururaino eraman nahi lukete.
Eta, azkenik, Hautetsien Kontseilua prest agertu da «Ipar Euskal Herria hurbiletik edo urrunetik ukituko lukeen testua prestatzeko gogoetan» parte hartzeko.
Hautetsien Kontseiluak adostutako proposamen hori Garapen Kontseiluak urtebetez eramandako lanaren jarraipena bada ere, ostegun gaueko eztabaidak hautetsien arteko desadostasuna agerian jarri zuen. Lekuko hautetsi sozialistak indarrean hurbildu ziren biltzar nagusira eta Lurralde Elkargoaren sorrera guztiz baztertzen duen emendakina aurkeztu zuten.
Kontsentsurik ez
Dokumentu horretan esperimentazioa egiteko premia proposatzen zuten sozialistek. Biltzarkideen babesik ez zuen lortu, baina Hautetsien Kontseiluan erabateko kontsentsua lortzeko bidea itxi zuen.
Martine Bisauta Baionako hautetsiak eta Baterakideak, gertakari hori dela-eta, bere haserrea adierazi zuen. «19.15ean aurkeztu digute aurretik irakurtzeko aukerarik ukan ez dugun hiru orrialdeko testu bat», salatu zuen. Emendakinak, esperimentazio bat egiteko aukera aipatzeaz gain, edukian «de facto» Lurralde Elkargoaren sorrera baztertzen zuela argitu zuten bai Bisautak eta bai Jean Jacques Lasserre senatari zentrista eta Hautetsien Kontseiluko buruak.
«Testuaren esaldi batek adierazten zuen sortuko den egiturako kideak elkargoaren ordezkariak izango zirela. Legez, Lurralde Elkargoak hiru ezaugarri ditu, eta, horien artean dago kideen bozketa hauteskundeen bidez egin behar dela. Prozesua zapuzteko saiakera bat egin dute, baina ez dute lortu», argitu zuen Bisautak.
Jean Jacques Lasserrek emendakina bozketatik baztertu zuen: «Ez dut joko horretan sartu nahi izan». «Sozialisten jarrerak harritu gaitu. Orain arte egin ditugun urrats guztietan beraien babesa izan dugu», esan zuen. Bakoitzak bere «ardura politikoak» hartzen dituela nabarmendu zuen sozialisten jarrera baloratzerakoan.
Gertakari horretatik kanpo, emaitzaz nahiko pozik agertu zen Kontseilu Nagusiko burua. «Nahiago izango nuen batasuna lortu bagenu, indar gehiago emango liokeelako eskaerari, baina, halere, gobernuak ezin dio uko egin gehiengoaren babesa lortu duen proposamen bati», azpimarratu zuen.
Eztabaida aurrera doa
Osteguneko biltzar nagusian bildu ziren berrogei hautetsietatik, hogeita bostek Lurralde Elkargoaren hipotesia lantzearen alde egin zuten. Sozialisten arteko zatiketa ere agerian geratu zen, Frederique Espagnac senatariak, Sylviane Alaux diputatuak eta Frantxua Maitia kontseilariak alde bozkatuko zutelako. Gainerakoek ez zuten parte hartu bozketan.
Urriaren 4an eta 5ean abiatuko da Senatuan Deszentralizazioaren III. Aktaren eztabaida. Aurretik, irailaren 13an, Angelun, tokiko bilkura izango da. Hautetsien Kontseiluak batean zein bestean aurkeztuko du adostu berri duen eskaria.
Lurralde Elkargoaren aldeko apustua egin arren, testuak aukera zabalik uzten du baztertutako beste gobernu aukera batzuk aztertzeko. Bisautak nabarmendu zuenez, hori dioen esaldia erantsi zuten, azkenean zapuztu den «kontsentsua» izateko.
Hautetsien Kontseiluko ordezkaritza bat Marylise Lebranchu Deszentralizaziorako ministroarekin bilduko da urriaren 11n Parisen, eta ostegunean onartu proposamena zuzenean aurkeztuko diote.