GARA > Idatzia > Euskal Herria

Luis Miguel Ipiña aske gera litekeela jakinarazi du Etxeratek

GARA |

Etxeratek jakinarazi duenez, ongi bidean, zabalik daude Mexikon preso dagoen Luis Miguel Ipiña euskal preso politikoa aske gelditzeko aukerak, Ameriketako herrialde honetako auzitegi batek legez kanpokotzat jo duelako iazko maiatzaren 20an iheslari politiko donostiarra atxilotzean egin zuten miaketa.

Azaldu duenez, Ipiñaren aurka ikerketa penal bat dago martxan Mexikon, ustez bere etxean zegoen arma bat dela-eta. Kode Penalean dagoen delitu bat leporatzen diote: soilik Armadak izan dezakeen suzko arma bat edukitzea.

Auzitegi batek ontzat eman du miaketaren kontra Leonel Rivero abokatuak jarri zuen helegitea, eta hala donostiarraren aurkako froga bakarra bertan behera gelditu da. Fiskaltzak irailaren 13ra arte jar dezake helegitea, baina erabakia bigarren instantzian berresten bada, Ipiña aske gera liteke. Etxeratek adierazi duenez, espetxe oso gogor batean daukate, baldintza kaskarretan, eta oso argalduta dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo