Beltxargekin dantzan, Maitaldia jaialdiari ongietorria emateko
Maitaldia jaialdia iritsi da Biarrizko areto eta karriketara. Atzo ateak zabaldu ondoren, hamar egunez, dantzaren erritmoa jabetu da Lapurdiko hiriaz. Gaur, jaialdiko ikusgarri bereziena agertuko da. «Swan» izenarekin, beltxargak eta dantzariak ekarriko ditu taula gainera.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
Beltxargen eta dantzarien arteko elkarreragin «poetikoa» agerian jarriko da gaur gauean, Maitaldia jaialdiak aurkeztuko duen «Swan» ikusgarrian. Luc Petton koreografoak duela hiru urte eman zuen Biarritzen ildo horretan landuriko lehenengo sorkuntza, baina garai horretan ez bezala, zisne handiak aukeratu ditu oraingoan dantzakide.
Koreografoa ostegunean iritsi zen Biarritzera ikusgarria prestatzeko, eta berekin tarte batez hitz egiteko aukera eman zuen. «Bi egun behar dira prestakuntzarako», argitu zuen. Dantzaren bidez, Pettonek, artearen historia markatu duen «ikono» horrekin aurrez aurre jarri nahi izan du bere burua.
«Artearen historian zisnearen irudi ezkorra eman da beti, nahiko anbibalentea: aldi berean, lehorrekoa eta urtarra, oldarkorra eta goxoa, sexualitatean ere anbibalentea den hegazti baten irudia du. Ikusgarriaren bidez, hegazti horren aurpegi ezezaguna erakutsi nahi izan dut. Horretarako, beltxargaren mitotik abiatu naiz», esan zuen.
Ikusgarriaren lehen zati batean zisne beltzak, uretan, dantzari batekin agertuko dira. Ondotik, beltxarga zuriei utziko diete lekua.
Hegazti horiek aukeratuz helburu bat zuela azpimarratu zuen: «Izaki bizidunez dudan iritzia agertu nahi izan dut». Koreografoak jarraian argitu zuenez, bere irudiko, «gizakia ez da izaki bizidunen zilborra. Inguratzen gaituen munduari buruzko argibideak ematen saiatzen naiz obra horretan».
Ikuskizunari dagokionez, hegaztien eta dantzarien artean harreman poetikoa agerian geratzen da. «Niretako hegaztiak artistak dira, eta ikusgarriak lantzen ditudalarik dantzarien heinean jartzen ditut», goraipatu zuen.
«Zisnetik abiatu naiz eta zer proposatuko zidan begiratzen aritu naiz. Zuzeneko musika eskainiko da ikusgarria aldakorra baita», argitu zuen koreografoak. Dantza ausazkoa izango dela ohartarazi zuen, beraz, Pattonek. Batzuetan, dantzariek gidatuko dute dantza, bestetan, berriz, zisneek.
Pasioak uztartuz
Bihar arratseko zazpietan Biarrizko kasinora hurbilduko diren ikusleek, agertoki gaineko zisneak ez ezik, koreografoak artearen historiari egiten dizkion erreferentziak preziatzeko aukera izango dute.
Luc Pettonek bi pasio ditu: dantza eta xoriak. Eta bi pasio horiek batu nahi izan ditu azken urteotan egiten dituen ikusgarri proposamenetan.
Beltxargekin lan egin ahal izateko, arrautzan direnetik hazi eta txikitatik dantzara eta agertokiari usatzen aritu da koreografoa. Lehen zisneak duela bi urte sortu ziren eta azkenekoek, berriz, sei hilabete dituzte. «Zisneak hegazti azkarrak dira, beraz, ikusgarria munduan zehar aurkezteko aukera izango dugu», argitu zuen Pettonek.
«Swan» ikusgarriari esker bi urtez munduan zehar ibili ondoren, beltxargak koreografoak duen baserrira itzuliko dira, beste hainbat hegaztirekin batera bizitzen jarraitzeko.
Dantzaren erritmoan sartua
Maitaldia jaialdiari esker dantzaren erritmoan murgildu da Biarritz. Hamar egunez, munduko dantza mota guztiak preziatzen ahalko dituzte bertaratzen direnek. Gaurko, Luc Pettonen «ezohiko» dantza ikusgarriaren agerpenarekin batera, Israelgo Batsheva dantza konpainiak «Hora» eskainiko du Gare du Midi aretoan.
Italiatik, Ekuadorretik, Afrikatik, Indiatik eta Herbehereetatik iritsitako dantzariak ikusten ahalko dira Biarritzen.
Thierry Malandain zuzendari artistikoak jaialdiaren aurkezpenean Herbehereetako konpainiak zituen bereziki goraipatu. Orotara, lau konpainia arituko dira jaialdian. Atzo gauean Dutch National Balletek zabaldu zuen festibala.
Astelehenean, berriz, Gotra konpainia izango da. Bertan, Joost Vrouenraests herbeheeretar koreografo belaunaldi berriaren ordezkariaren lana ikusten ahalko da.
Maitaldia jaialdiaren berezitasunetariko bat da karrikan sortzen duen dantza giroa. Aretoak ez dira dantza saioak jasotzen dituzten gune bakarrak. Bihar arratsean, adibidez, Malandain Balletak ikusgarria eskainiko du portu zaharrean.