GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Irakurketa zaletasun


Maiz galdetzen diot neure buruari zer-nolako eragina izan zuten eskolan zein institutuan izan nituen irakasleek nire irakurketa zaletasunean. Uste dut oro har zorte handia izan dudala, lagun askok ez bezala zinez literatura maite zuten irakasle pare bat izan nituelako neska koxkorra nintzenean. Klase orduetatik kanpo plazer hutsagatik irakurtzen zuten gizabanakoak ziren haiek, nobela baten nondik norakoa edota idazle baten maniak azaltzeko orduan zorutik pare bat zentimetro altxatzen zirenak (modu metaforikoan, noski) ikasleon begi aurrean. Inbidia ematen ziguten, edo ematen zidaten niri behintzat, irakasten zuten horri buruz hainbesteko pasioz eta maitasunez hitz egiteko modu horregatik. Klaseko sinesgogorrena ere liluratuta geratu ohi zen haien berba-jarioarekin. Eta hark ere irakurtzen zuen, liburuan irakasleak zerk txunditu zituen hainbeste ulertu nahian. Asko ziren, baina, gehiegi apika, beren frustrazio pertsonalak zein pertsonalak ikasleokin ordaintzen zituzten irakasleak, lotara joan nahi ez duen umeari Sacamantecasen istorioa kontatzeko gurasoek darabilten tonu bera erabiltzen zutenak etxeko lanak (liburuak irakurri, laburtu eta iruzkindu) agintzeko. Haiek inoiz egiten ez zutena, irakurri alegia, egin genezan. Batzuetan iruditzen zitzaidan literatura gorrota genezan agintzen zizkigutela etxeko lan alferreko haiek. Ondo, Oso Ondo, Bikain. Laburpenaren artea menperatu genuen, baina zer zerikusi du horrek literaturarekin? Eskerrak literaturaren santu patroi haiek irakurtzearen plazer amaigabean iniziatu nindutela. Ez zaizkit haien izenak ahaztu, ezta ahaztuko ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo