GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

ErrUgbia | Top 14

Biarritzek lehen postuan kateatuta jarraitu nahi du

Avironek garaipena behar du beheko postuetan sartu gabe geratzeko.

Jon LEUNDA

Biarritzek sailkapeneko lehen postuan jarraitzeko aukera paregabea izango du, eta horretarako irabazi egin beharko du gaur Montpellierren aurka. Agilera estadioan, norgehiagoka 15.00etan hasiko da.

Ikusmin handia piztu du gaurko partidak, ez baitzen aspaldian Biarritz sailkapeneko lehen postuan egon, eta aurtengoak itxaropen handia piztu du zaleen artean, eta ahaztu gabe, Harinordokiren eta Yachviliren hutsuneekin ari direla jokatzen.

Oraingoz, Biarritzek jokatu dituen hiru partidak irabazi egin ditu, eta sailkapeneko lehen postuan dago, Toulonekin berdinduta. Aurreneko egoteaz gain, orain arte emandako itxura ere oso ona izan da, eta horrek bakarrik ere zaleei poz handia ematen die.

Montpellier sailkapeneko erdialdean dago. Jokatu dituen hiru partidetatik bi irabazi eta bat galdu ditu. Beraz talde arriskutsua izango da gaur bisitari Agileran, eta kontuz ibili beharko du hutsik egin nahi ez baldin badu, min handia egiten duten jokalariak baititu.

Azken orduko aldaketarik ez baldin bada, honako hau izango da Biarritzen hamabostekoa: Blaauw, Hegi, Van Staden, Thion, E. Lund, M. Lund, Lauret, Lakafia, Lesgourgues, Barraque, Brew, Traille, Gimenez, Ngwenya eta Balshaw. Aulkian, berriz, August, Barcella, Taele, Guyot, Peyrelongue, Baby, Burutu eta Broster geratuko dira.

Avironek, berriz, ezin du galdu. Hiru jardunaldi jokatu eta bakarra dauka irabazita, eta ezin du lo egon, bestela arazoetan sartuko baita. Iaz pasa zituen guztiak pasatuta, puntuak batu behar ditu zaleak kezkatzen hasi baino lehenago.

Gaur 18.00etatik aurrera jokatuko du Perpinyaren zelaian, eta irabazteko moduko partida da. Kataluniarrek orain arte jokatu dituzten neurketa guztiak galdu egin dituzte, eta sailkapeneko azken-aurreko postuan daude bi punturekin, bi puntu gehigarri lortu dituztelako.

Hau izango da Avironek zelairatuko duen hamabostekoa: Manukula, Roumieu, Tialata, Linde, Chisholm, Bernad, Marmouyet, Haare, Phillips, Boyet, Fuster, Lovobalavu, Ahoetaeiloa, Gerber eta Spedding. Aulkian, berriz, Arganese, Igiñiz, Boutaty, Baget, Garcia, Potgieter, Mazars, Boyaud, Senekeal eta Heymans geratuko dira. Bestetik, atzo eman zituzten ezagutzera irailaren 30ean Anoetan jokatuko den derbirako sarreren prezioak. Garestienak 55 euro balioko ditu, eta merkeenak, berriz 15 euro. Oraingoz Agilerako estadioko leihatiletan, eta Biarritzen web orrialdean eros daitezke. Gaur, Agilerako partida amaitu ondoren hasiko dira sarrerak saltzen, 19.00ak bitarte.

Derbia

Berez, Ohorezko Maila datorren asteburuan hasiko da, baina Gernikak Amlin European Challenge jokatu behar du, eta bizkaitarrek aurreratu egin behar izan dute hasiera. Lehen partida, gainera, Hernaniren aurka jokatuko du gaur 17.00etatik aurrera Urbietako zelaian.

Bizkaitarrek taldea asko berritu dute, tituluen borrokan ibili nahi dute, eta Hernanik, berriz, mailari eustea izango du helburua. Iazko jokalari gehienek jarraitzen dute Landaren.

Ampo Ordiziak Superkopa jokatuko du Palentzian

Ampo Ordiziak Superkopako finala jokatuko du bihar Palentzian, La Balastera estadioan Quesos Entrepinaresen aurka, 13.00etan. Kopako txapelduna eta Ligakoa neurtuko dira, iaz jokatu zuten Ligako finala errepikatuz. Orduan Valladolidekoak nagusi izan ziren.

Titulu bat lortzea beti da garrantzitsua, baina kasu honetan bi taldeek datorren astean hasiko duten Ligari begira jokatuko dute, prestakuntzarako balioko die biei neurketa honek. Valladolidekoak agertzen dira irabazteko faborito. Bestetik, goierritarrek, Youssef Haddarren fitxatzea baieztatu zuten atzo arratsaldean, eta aldi berean Elortzak ez duela jarraituko ere bai. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo