GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Gaztediko talde mistoak urrea lortu du Suitzan

J.L.

Gaztediko talde mistoak urrezko domina lortu zuen atzo Suitzan jokatzen ari den lur gaineko Munduko Txapelketan. Laukizkoek 600 kilokoan irabazi zuten.

Sokatira talde batean zortzi lagun joaten baldin badira, mistoan erdi eta erdi joaten dira; lau mutil eta lau neska, alegia. Horixe izan da, gainera euskal ordezkariek Mundial honetan lortu duten domina bakarra, gehiago lortzerik ez dago, euskal taldeek amaitu dutelako beren jarduna. Gaur eta bihar selekzioak arituko dira, baina hor Euskal Herriak lehiatzerik ez duenez, ez dute parte hartuko.

Gaztediko taldea 600 kilokoan lehiatu zen, eta finalean Herbehereetako talde bat, Jagersurst taldea hartu zuen mendean. Hirugarren postuan ere Herbehereetako talde bat, Koapman taldea sailkatu zen, podiuma osatuz.

640 kilokoan ere euskal talde guztiak lehiatu ziren, baina oso azkar, azkarregi, joan ziren kalera, eta dominak lortzeko inongo aukerarik gabe geratu ziren.

Nesketan ere, azken orduan euskal talde bat, Gaztediren izenean, aritu zen 500 kilokoan, baina hauek ere ez zuten zorterik izan, eta dominaren bat lortzeko aukerak galdu zituzten.

Txingak

Bihar jokatuko da Leitzako plazan, 12.00etan hasita, Euskal Herriko Txinga Txapelketa. Bertan, Perez de Heredia, Perez, Drame, Agirregabiria, Etxeberria eta Berruezo lehiatuko dira.

Esku bakoitzean 50 kiloko txingak hartu eta ahalik eta metrorik gehien egitea izango da helburua. Txapela lortzeko faborito nagusia Agirregabiria kirolari gipuzkoarra izango da.

Iaz berak irabazi zuen 24 plaza eginda, eta hiruren aldea kendu zion Sukuntzari. Azken hau, ordea, aurten ez da arituko, eta badirudi Debako kirolariak oraindik eta aukera gehiago izango dituela irabazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo