GARA > Idatzia > Kirolak

Jokoak

Euskal Olinpiadak jokatzeko prest daude

J.L.

Zazpi Herrialdeetako Txapelketa jokatuko da gaur 16.45etik aurrera Getxoko metroko estazioko plazan. Zazpi herrialdek osatzen dute Euskal Herria, baina sei bakarrik izango dira, Zuberoak ez baitu parte hartuko. Hortaz, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Araba, Lapurdi eta Nafarroa Beherea lehiatuko dira txapelaren bila.

Gaur Getxora doazenek, Euskal Herrian jokatzen diren herri kirol gehienak ikusi ahal izango dituzte. Bertan, lokotx-biltzea, txinga, zaku-lasterketa, lasto-altxatzea, ingude-altxatzea, orga-jokoa, harri-jasotzea, sokatira, trontza eta aizkora izango dira.

Garbi dago kirol batzuk besteak baino ezagunagoak direla, eta zaleentzat interes gehiago izango dutela. Horietako bat aizkora da, eta han Olasagasti (Gipuzkoa), Atutxa (Bizkaia), Lopez (Nafarroa), Kortxero (Araba), Juanikotena (Lapurdi) eta Maillot (Nafarroa Beherea) lehiatuko dira. Garbi dago lehen hirurek izango dutela irabazteko aukera. Harri-jasotzea da ikusmina sortzen duen beste kiroletako bat, eta hor Urruzono (Bizkaia), Irigoien (Gipuzkoa), Lopez (Araba), Martikorena (Lapurdi) eta Bertiz (Nafarroa) arituko dira. Nafarroa Behereak ez du ordezkaririk izango.

Sei herrialde izango dira lehian, baina denek ez dituzte kirol guztietan ordezkariak izango. Nafarroa Behereak eta Arabak, esaterako, proba guztiak ezingo dituzte bete, kirolariak falta zaizkielako, eta horrek puntuak batzeko arazoak sortuko dizkie.

Faboritoak aipatzerakoan, Gipuzkoa eta Nafarroa izango direla dirudi. Hala ere, Bizkaia ezingo da bazterrean utzi, etxean arituko baita, eta saiatuko dira lehen postuetan sartzen. Azken urte hauetan Lapurdik ere oso maila ona eman du, eta han ere herri kirolek gorakada handia izan dutela erakutsi dute, eta hori baieztatzeko aukera izango dute gaur arratsaldean; Nafarroa Behereak eta Arabak, berriz, oso zaila izango dute azken bi postuetatik ihes egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo