Maider Eizmendi | Kazetaria
Neguko protokoloa
Herriko jaiak irailaren hasieran izanik, haien amaiera eta ikasturtearen hasiera batean egiten genituen guk. Kalean dantzan aritu ostean oheratzen nintzen ohe bazterrean hurrengo goizean eskolara eraman beharreko motxila utzita. Lehen egun horretan ez genuen fundamentu handirik egiten eta beraz ez dakit hamaiketakoaz gainera zer eramaten genuen hartan, baina irudia gogoratzen dut, baita urdailean pilatzen zitzaidan zirrara ere, hura ezinegona! Luze iritzita abiatu genituen udako oporrak amaitu eta berriz ere martxan jartzen ginen: liburuak erosi, haiek ondo-ondo plastikoz babestu... Orduan gure herrian behintzat ez zen ikastaro aukera handirik izaten eta arratsaldeak nola edo ahala betetze aldera batean edo bestean ematen genuen izena, beti taldean: urte batean marrazketa, hurrengoan agian ingelesa, kirola...
Orduko zirrararik gabe, orain ere irailaren hasieran neguko protokoloa jartzen da abian: ordutegiak nola edo ahala moldatu, ikastaroren batean izena eman, udan baztertuta izandako lantxo horiei heldu, eleberriak zertxobait alboratu eta pilatzen joandako testu astunagoak hartu... Joera dago antolaketa horretan tarteak ondo betetzeko, udan guretzat nahikoa denbora libre izan dugula pentsatuta-edo. Jarritako lan guztiak ez dira egiten gero, horiek guztiak egiteko adina denborarik ez dagoela konturatzen garelako berehala, baina hori jakinda ere, jartzeko behar hori sentitzen dugu.
Behinola, udaberrian jende askok sentitzen duen beheraldiari buruz hitz egin nuen aditu batekin, eta hark esan zidan naturari begiratu beharko geniokeela eta hark bezala neguan atseden hartzen saiatu beharko genukeela udaberria suspertuta abiatzeko, baina ez dugula egiten. Kontua da egitea ere ez dela erreza, abuztua amaitzerako inguruan hasi eta telebistaraino «izena eman» baino ez da entzuten-eta: kiroldegian, hizkuntza akademietan... Hori gutxi ez balitz, tarteren bat geratuz gero, aukeran ditugu garai honetan telebistan hain modako jartzen diren orotariko bildumatxoak ere: panpina etxeak, abanikoak.... Haien iragarkiak ikusten ditut egunotan sarri-sarri eta tartekatuta, nola ez, indarrak hartzeko eta defentsak indartzeko produktuak.