GARA > Idatzia > Euskal Herria

NUPeko ikasleen aldarrikapenak zilegi direla adierazi du Parlamentuak

Foruzainak ostiralean NUPeko ikasleen kontra oldartu eta gero, Nafarroako Parlamentuak ikasleon aldarrikapenak zilegitzat jotzen dituen adierazpen bat onartu zuen atzo. PSNren abstentzioak foruzainen jokabidearen salaketa are eta irmoagoa izatea ekidin zuen.

M.D. |

«Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleek eta langileek murrizketen kontra egin dituzten aldarrikapenak erabat zilegi dira, eta adierazpen askatasun osoz manifestatzeko eskubidea bermatu egin behar da». Horixe da atzo Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak aho batez onarturiko adierazpena, ostiralean foruzainak ikasleen kontra unibertsitate barruan oldartu ondoren. Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen aurrean murrizketak salatzeko protesta egin nahi zuten.

Bilduk aurkeztu zuen proposamenean beste hiru puntu bazeuden ere, ez ziren onartu UPN eta PPko kideek aurka bozkatu zutelako eta PSN abstenitu egin zelako. NaBai eta I-Eren sostengua jaso zuten hiru puntu horiek. Bertan, elkartasuna adierazten zitzaien ikasleei protestatzeko duten eskubidea urratu egin zitzaielako eta foruzainek indarrez erreprimitu zituztelako. Horrekin batera, foruzainak NUPen izatea onartezintzat jotzen zen eta arduradunei azalpenak ematea eskatzen zitzaien. Bide batez, foruzainen jokabidea neurriz kanpokotzat jotzen zen.

Bilduko eledun Maiorga Ramirezek adierazi zuenez, ostiralean NUPen gertatu zena «ezin da onartu jendarte demokratiko batean», eta ikasleek zein herritarrek manifestatzeko duten eskubidea defendatu zuen. PSNren abstentzioa gogor kritikatu zuen Ramirezek.

PSNko Juan Jose Lizarberentzat «logikoak eta normalak» dira NUPeko ikasleen aldarrikapenak, baina, aldi berean, kurtso hasierako ekitaldia egitea garrantzitsua zela esan zuen. Foruzainen oldarraldia gertatu zenean areto nagusian zegoela eta ez zuela jazotakoa ikusi esan zuen Lizarbek PSNren abstentzioa justifikatzeko.

agerraldia

Ostegunean Nafarroako Parlamentuan egingo den batzarrean Lehendakaritzako sailburu Javier Morrasek foruzainen jarduera azalduko du, atzo onartu zenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo