Kosovo, pausu berria burujabetasunerantz
Lau urte eta erdi igaro dira Kosovok bere kabuz independentzia aldarrikatu zuenetik -Gobernu serbiarraren kontrakotasunarekin-, eta ordutik Nazio Batuek bultzatutako eta 25 herrialdek osatutako talde batek zaindu du bertan irekitako prozesuaren bilakaera. Orduan, «Ahtisaari Plana» deritzona jarri zuten indarrean, estatu independente bat osatzeko eman beharreko pausuak zehazten zituena, eta, hain zuzen, plan hori betearaztea izan da aipatu taldearen egitekoa. Gaur arte. Izan ere, zaintza horri bukaera eman zioten atzo, eta, horrela, Kosovok pausu berria eman du erabateko burujabetasunerantz. Kosovoren kasuak, beste irakurketa geopolitikoen gainetik, erakusten du XXI. mendean posible dela Europan estatu berriak sortzea, eta posible dela, gainera, nahiz eta «metropolia» aurka egon.
Agian horregatik, Europar Batasuneko 27 herrialdeetatik Pristinako Gobernuaren zilegitasuna onartu ez duten bost estatuetako bat Estatu espainola da. Madrilek inoiz ez du begi onez ikusi Kosovoko independentzia prozesua, badakielako aurrekari bat ezartzen duela, nahiz eta Kosovoren eta, adibidez, Euskal Herriaren artean, desberdintasun nabarmenak dauden. Baina kosovoarrek independente izan nahi dutela erabaki izanak, eta erabakia gauzatzeak, beldurra ematen die agintari espainolei, badakitelako euskaldunak gai garela bide horri jarraitzeko.