XVIII. mendeko burdinola berreskuratu dute Ean eskulanaren indarrari esker
Duela ia hamarkada bat, zenbait eatarrek XVIII. mendeko Urtubiagako burdinolaren aztarnen berri izan zuten. Auzolanaren indarrari esker, olaren ingurunea garbitzeko gai izan ziren lehenik. Egun, herritarrek ondare historikoa ezagutzea eta gozatzea helburu duten arkeologia-indusketak dituzte abian bertan.
Ea herria Lea-Artibai eta Urdaibai eskualdeen arteko mugan bertan dago kokatuta, itsasadar txiki bateko ertzetan, hain zuzen ere. Itsasadarra dugu, izan ere, herriaren jatorria: ibaiaren indarra zein arrantza baliabideak aprobetxatzeko asmoz sortu zuten lehenengo kokaleku egonkorra Natxituko, Bedaroako eta Ereñoko biztanleek. Herria, beraz, Natxituko eta Ereñoko elizateetako lurretan jaio zen, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko jauntxoen mende zegoelarik. Urteak pasa ahala, itsasertzeko kokalekua erditu zuten elizateak baino garrantzitsuagoa bilakatu zen gunea, XIX. mendean Ea izeneko udalerria jaio zelarik, Bedaroa, Natxitua eta Ea herria bera batuz.
Eako garapenean itsasoak garrantzi handia izan badu ere, ez da, noski, historian zehar udalerriak izan duen aberastasun iturri bakarra: errotak eta olak ere kontuan izan behar dira besteak beste. Esandakoaren lekuko ezin hobe dira auzolanari esker egun bisita daitezkeen XVIII. mendeko Urtubiagako burdinolaren aztarnak.
«Orain dela zortzi urte, gutxi gorabehera, ibaiari segituz paseatzen genbiltzala, sasien artean tunel baten ahoa zirudiena ikusi genuen. Bertara hurbildu eta hara non herritarrok ia ahaztuta genuen burdinola topatu genuen», azaldu digu Herrijeri Emon Arnasa kultur taldeko Asun Landak.
1725ean eraiki zuten Urtubiagako burdinola 1863ra arte martxan egon zen. Aurrerapen teknologikoek baztertutako burdingintzak bidea eman zien beste erabilpen ezberdinei, besteak beste saskigintzari. Horrez gain, XX. mendeko lehen laurdenean, olari itsatsitako errota funtzionamenduan zegoen artean; hau da, burdinola aspaldidanik itxita zegoen arren, azpiegitura erabiltzen segitu zuten eatarrek eta haren existentzia ez da sekula Eako memoriatik guztiz desagertu.
Behin Urtubiagaren berri izanda, herritarrek ola garbitu eta bistaratzeko lanei ekin zieten, auzolanean betiere. «Herritarrok hasi ginen burdinola garbitzen; eatarrek duten ondasun historikoa ezagutu zezatela nahi genuen eta nahi dugu. Herriak aisialdirako gune berri bat izatea nahi dugu, baita herriaren historia berreskuratzea ere, Ea itsasoa baino gehiago delako», esan dio GARAri Asun Landak.
XVIII. mendearen bigarren zatian, Europako industria iraultzak kapitala metatzeko aukerak areagotu zituen Euskal Herrian. Horrela, Erdi Aroko burdinolak hobetu zituzten eta berriak eraikitzeari ere ekin zioten jauntxoek. Lea-Artibai eskualdean Pedro Bernardo Villarreal de Berriz jauntxoak bultzatutako ekimenak ditugu industria jarduera horren isla; Eako burdinola ere testuinguru horretan kokatu behar dugu.
1725eko maiatzaren 2an, burdinaren inportantzia aprobetxatuz, eraiki zuten Natxituko elizatean Urtubiagako burdinola, izen bereko errota eta XVI. mendeko burdinola zahar bat egon ziren tokian, hain zuzen. Josef Larizolaeta eta Cathalina del Puerto Uribe Adan de Yarza izan ziren burdinola eraikitzeko dirua jarri zutenak.
Adituen arabera, Eako burdinola Gizaburuagako Bengoleakoa bezalakoa da; hori bai, txikiagoa. Pedro Villarreal de Berrizek ez zuen Bengolea eraiki (Mariana emaztearen aitonak eraiki zuen), baina bera izan zen hartan ikasitako guztia praktikan ipini zuena. Ondo baino hobeto gainera, Bengolea punta-puntako burdinola bihurtu baitzuen.
Urtubiagaren gaineko dokumentazioan Villarreal de Berriz izena agertzen ez bada ere, Cathalina del Puerto Juan de Aranziviarekin ezkondu zeneko eliza-agirian lekuko moduan agertzen da. Ez da, baina, olarekin lotura izan zuela adierazten duen seinale bakarra. Izan ere, errota Bengoleakoaren ereduari jarraituz egina izateaz gain, burdinola uraz hornitzen zuen presa Villarreal de Berrizek egin zitueneko bat izan daiteke, arkudun presa baita. Arkudun presak ordura arte egiten zirenak baino sendoagoak ziren, eta eraikuntza lanetan aurrekoek baino harri gutxiago erabiltzea eskatzen zuten. Munduan ezezagunak ziren Villarreal de Berrizek asmatutako presa arkudunak, baina 1736an ezagutzera eman ziren Lekeition, Bilbon, Markinan eta Zarautzen kaleratutako «Máquinas hidraúlicas de molinos y ferrerías y gobierno de árboles y montes de Vizcaya» liburuari esker.
Behin hasierako garbitze lanak bukatuta, Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteko kideak indusketak eta hobetze lanak egiteko sostengua eta baliabide ekonomikoak bilatzea erabaki zuten. Krisialdia jada ate joka bazen ere, Eako Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren laguntza jaso zuten.
Arestian esan dugun bezala, Urtubiaga XVI. mendeko beste burdinola baten gainean eraiki zuten ustea zabalduta dago. Iritzi horretakoa da gaur egungo arkeologia-indusketen arduraduna den Unai Aurrekoetxea bera ere. Dokumentazioak ez ezik, orain arte indusketek emandako emaitzek ere hipotesi hori sendotzen dute.
Hauspoa, mailua eta ingudea zeuden lekuaren aurrean bada gela txiki bat, «bulegoa» izan zena, hots, olagizonen beharra behatzeko tokia; bertako lurrean harresi bat aurkitu dute. «Normalean, `moztuta' dagoen ezer aurkituz gero, ezer hori beste zerbait berria egiteko moztu zutela ondorioztatu ahal dugu», azaldu digu arkeologia-indusketen arduradun Unai Aurrekoetxeak, aztarnei begiratuz.
«Momentuz, XVIII. mendeko aztarnekin ari gara buru-belarri lanean eta ola zaharrekoak beste momentu baterako utzi beharko ditugu», gaineratu du Aurrekoetxeak. Hori bai, burdinola zahar baten presentzia iradokitzen duen beste elementu bat ere erakutsi digu. «Bulegoa» ikaztegi biren artean dagoela azalduz (lehen ikusi dugun horma bulegoa eraikitzeko bota omen zuten), ikaztegiak banatzen dituen hormara gerturatzeko esan digu Aurrekoetxeak: «Arreta jartzen baldin badiogu, ikusiko dugu horman bi aparailu (hormak eraikitzeko prozedura edo modu) ezberdin ditugula; normala denez, behekoa da zaharrena. Alberto Santana adituaren arabera, honakoa `aparailu-gotikoa' dugu, zalantzarik gabe».
Udarekin batera bukatuko da arkeologia-indusketen egungo fasea, burdina urtu eta lantzeko tokia ardatz izan duena. Ez dute, dena den, lanok zokoratzeko inolako asmorik. «Eatik irtenda dena da aldapa gora; Bedaroako bidea, Natxituko bidea, eta abar. Ez dugu erraz etsiko», esan du Asun Landak. «Gauden leku hau aproposa da eatarrak eta bisitariak etortzeko; historia ikasi eta patxadaz egoteko paraje ederra dugu hau».
Auzolana da, dudarik ez, eatarrek aukeratutako tresna pedagogikoa, erakundeek emandako diru laguntzak eta Herrijeri Emon Arnasa elkarteak bultzatutako indusketak ahaztu barik. Asko da egin duten lana eta asko egitear dutena: «Premiazkoa da ubideari eusten dion horma konpontzea, habetzea. Herrian horrelakoak egiteko gai direnak ez dira gutxi. Aprobetxatu nahi dugu ere inguru honetan atontzen ari diren ibilbidea, pasealekua; jendea etor dadila eta Ean itsasoa baino gehiago dagoela ikus dezala», amaitu du Landak.
Alvaro HILARIO